Berriatuko Udalak Bertso Paper Lehiaketa antolatu du lehenengoz
Azaroaren 28ra arte aurkeztu daitezke lanak. Hiru mailatan banatuko dituzte parte hartzaileak: 14 urtera artekoak, 15 eta 18 urte bitartekoak eta 18 urtetik gorakoak. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 13an egingo dute.
Bertso paper lehiaketa antolatuko dute lehenengoz, Berriatuan. Udalak aurrera eramandako ekimena da, eta azaroaren 28a izango dute parte hartzaileek lanak bidaltzeko azken eguna. «Zenbat pertsona animatuko diren ez dakigunez, mugarik ez ezartzea erabaki dugu», azaldu dute antolatzaileek. Euskal Herriko bertso eskoletatik zabaldu dute deialdia.
Hiru mailatan banatuko dituzte parte hartzaileak. A mailan, 14 urtera artekoak sartuko dira. B mailan, 15 eta 18 urte bitartekoak eta C mailan, 18 urtetik gorakoak. A mailako parte hartzaileek gutxienez bi bertso eta gehienez sei bertso idatzi beharko dituzte; B mailakoek sei eta hamar bertso bitartean idatzi beharko dituzte; eta C mailakoek zortzi eta hamabi bitartean. Bertsoen neurria, gaia bezala, librea izango da. Horiek inoiz saritu edota argitaratu gabekoak izan beharko dira.
Lanak posta arruntez edo posta elektronikoz bidali daitezke. Lehenengoa aukeratuz gero, jatorrizko sorta eta bi kopia aurkeztu beharko dira gutunazal itxi batean, udaletxean. Kanpoaldean, beste zorro itxi eta txikiago batean, egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefonoa. Bigarrena aukeratuz gero, bi dokumentu bidali beharko dira udala@berriatua.org helbide elektronikora, PDF formatuan: batean bertsoak eta bestean egilearen datuak zehaztu beharko dira.
Bizkaiko Bertsolari Epaile Taldeko kideek osatuko dute epaimahaia, eta abenduaren 13an [barikua] izango da sari banaketa ekitaldia, 19:00etan, Bideo gelan. Hiru mailetako irabazleek oroigarri bana jasoko dute, eta 50 euro, 150 euro eta 300 euro, hurrenez hurren.