Mater ontzi museo ekoaktiboak Ondarroan hasi du 'Izan itsas zaindari!' kanpaina
Kanpaina ibiltariaren inaugurazio ekitaldian aitortza egin diete Ondarroako Kalare Deuna kofradiari eta Antiguako Ama arrantza eskolari.
Arrantza jasangarria eta kontsumo arduratsuaz jabetzea helburu duen Izan itsas zaindari! kanpaina berria aurkeztu du gaur [urrriak 29] eguerdian Mater ontzi museo ekoaktiboak Ondarroako portuan. Kanpaina ibiltariak Bizkaiko uretan egingo duen geldialdi bakarra izango da Ondarroakoa. Kanpaina Gipuzkoako kostaldeko beste hainbat portutarako iritsiko da. Datozen bi hilabeteetan Pasaian, Getarian eta Orion emango diote jarraipena.
Kanpaina ibiltariaren inaugurazio ekitaldian Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkatea, Josebe Azpiri Zaldupe Eskolako zuzendaria, Imanol Lasarte Zubi Zahar Herri Ikastolako zuzendaria eta Maite Sesma Zubi Zahar ikastolako irakaslea, Eusebio Arantzamendi Kalare Deuna kofradiako presidentea, Antiguako Ama arrantza eskolako ikasleak eta Mikel Santiso arrantza eskolako zuzendaria egon dira, Izaskun Suberbiola Mater ontzi museo ekoaktiboko zuzendariagaz batera.
Arrantza sektoreak itsasoaren egoeran berebiziko garrantzia edukitzen jarraitzen duela agertu dute aurkezpenean. Mater ontzi museo ekoaktiboko zuzendariaren iritziz, gaur aurkeztu duten kanpaina ibiltariak zuzen zuzen erantzuten dio zeregin horri. “Kanpainaren helburuen artean dago arrantza herritarrengana hurbiltzea eta ezagutza areagotzea, arrantza mundua ezagutzera ematea modu berezi eta erakargarrian edota arrantza sektorean parte hartzen duten agente ezberdinei protagonismoa ematea. Badirudi, sarritan arrantza sektorea oso sektore ezezaguna dela herritar askorentzat eta horrexegatik, kanpaina honen bidez sektoreak bere barne hartzen dituen hainbat gai jorratu dira Ondarroako ikastetxeetan eta ontzi museoan bertan”.
Itsasoak ematen dituen onurak balioan jartzea beharrezkoa dela ere azpimarratu dute. “Itsasoak ematen digu, besteak beste, planeta honetan dagoen oxigenorik gehiena, %50a baino gehiago. Itsasoak ere elikagaiak ematen dizkigu eta klima erregulatzaile garrantzitsuena ere bada”.
Kanpainak itsas zaindariak behar dituela nabarmendu dute ontziko arduradunek, eta itsasoagaz duten loturagatik, aitortza egin diete Kalare Deuna kofradiari eta Antiguako Ama arrantza eskolari. Mikel Santiso arrantza eskolako zuzendariak eta Eusebio Arantzamendi kofradiako presidenteak 2019 Itsas zaindari oroigarria jaso dute Mater ontziko kapitanainaren eta zuzendariaren eskutik.
Aurkezpena eta gero ur gaineko museoa bisitatzeko aukera eduki dute bertaratuek. Ontziko profesional taldearen eskutik itsasoko gaiei buruzko hainbat alderdi landu dituzte. Besteak beste, baxurako arrantzontzi baten funtzionamendua zein eta arrantza tradizionalari buruzko hainbat azalpen eman dizkiete. Eta bisita borobiltzeko, Ondarroako itsasertz zoragarria bisitatzeko itsasoratu dira.
Egurrez eraikitako Mater atunontzi historikoa eguen [urriak 31] eguerdira arte egongo da lotuta Egidazu kaian. Bien bitartean, herritarrek ontzia bisitatzeko aukera edukiko dute. Museoan barrena ibiltzeko aukera eduki duten lehenak herriko ikasleak izan dira. Izan ere, kanpainaren arduradunek modu zehatzean zuzendu nahi dute publiko gaztearengana. “Kanpaina ibiltariak zeharkatuko dituen herri bakoitzean, ikastetxeek erakusketa bisitatzeko aukera izango dute gida baten laguntzaz”.
LH3 eta 4ko ikasleei bideratutako hainbat bisita gidatu eskainiko dituzte. Bertan, arrantza jasangarriari buruzko azalpenak emango dizkiete ikasleei, Ondarroan hain egunerokoa den arrantzari buruzko xehetasunak emanez eta sasoian sasoiko arranak zeintzuk diren azalduz. Kanpaina barruan honako bost ahulku emango dituzte: bertakoa eta garaikoa kontsumitzea, hondakinak murriztea eta birziklatzea, baliabideak aurreztea, gutxi kutsatzen duten garraioak hautatzea eta, azkenik, jasotakoari buruzko mezua zabaltzea eta ingurukoak heztea.
Edozein herritarrentzat ere aproposa da bisita egitea. Bai arrantza giroa eta sektorea ezagutzen ez dutenentzat, baina baita oso gertutik bizi dutenentzat ere. Ontziko arduradunek agertu dutenez, gaur [urriak 29] eta bihar [urriak 30], 16:30 ingurutik aurrera, herritarrek horretarako aukera edukiko dute. “Helduek ere badute zer ikasi, eta Mater museo ekoaktiboak eskaintzen duen erakusketak arrantza sektorearen hainbat gai lantzen ditu. Bisitan herritarrak garaian garaiko produktuak kontsumitzeak duen garrantziaz ohartarazteko informazio praktikoa emango zaie”.