Aitor Antxustegi mutrikuarra, Romper Barreras lehiaketa irabazteko hautagai
Mutrikuarraren aldeko botoa emateko aukera azaroaren 5era arte edukiko dute herritarrek. Bideoak 2.000 boto baino gehiago ditu, eta saria eskuratzeko lehen bi aukeratuen artean dago.
Aitor Antxustegi mutrikuarrak eta haren familiak Romper Barreras Fundazioak antolatutako 8. Romper Barreras lehiaketan parte hartu dute. Bakarkako kategorian bideo batekin parte hartu dute, eta irabaziz gero, Antxustegik egunerokoan komunikatzeko erabiltzen duen komunikadore bat irabazteko aukera izango luke.
Antxustegik 10 urte ditu, eta Angelman sindromea du. Ezin du hitzik egin, baina teknologiari esker, pentsatzen duenari ahotsa ipintzeko gai da. “Lepotik zintzilik eramaten duen komunikadoreari esker bere ingurukoekin komunikatzeko gai da”, azaldu du Almike San Millan, Antxustegiren amak.
Hurrekoek azpimarratu dutenez, teknologiak Antxustegiri gizartean integratzen laguntzen dio. “Komunikadorea oso era funtzionalean erabiltzen du Aitorrek. Komunikazio sistema oso sinplea da, eta edonork ulertzeko modukoa. Aitorrek irudiak ikutzen ditu eta komunikadoreak irakurri egiten ditu”.
Antxustegiren bideoak, oraingoz, 2.000 boto baino gehiago eskuratu ditu eta saria eskuratzeko lehen bi aukeratuen artean dago, beste bideo batekin botoetan erdi parekaturik. Gaur gaurkoz, bigarren postuan daude, baina lehiaketa irabazteko azken bultzada beharrezkoa dutela azpimarratu dute Antxustegiren hurrekoek.
Mutrikuarrararen aldeko botoa emateko aukera azaroaren 5era arte edukiko dute herritarrek, Romper Barreras webgunearen bitartez. Aurreratu dutenez, herritarrek behin eman ahalko dute gustukoen duen bideoaren aldeko botoa, baina horretarako Facebook kontu bat edukitzea derrigorrezkoa da. “Facebook kontu bakoitzeko boto bakarra eman ahal izango da”.
Antxustegiren amak azaldu duenez, oihartzun handia eduki du euren parte hartzeak. “Herrian eta inguruetan, sare sozialei esker, zabalkunde handia eduki dute. Jendea inplikatu egin da botoa ematen, eta ingurukoei botoa emateko eskatu die. Jendeak guk irabaztea nahi du, eta egin duten ahaleginak eta hartu duten ardurak sekulako poza eman digu”.
Irabazleak azaroaren 14an emango dituzte jakitera. Epaimahaiak bi sari banatuko ditu, eta lortutako boto kopurua garrantzitsua dela nabarmendu dute Antxustegiren hurrekoek. “Bozketa amaitu ondoren, bi bideorik onenak sarituko dituzte, baina saria ez dute botoek bakarrik erabakiko, epaimahaiak ere zeresan edukiko du. Hori bai, boto kopuruan irabaziz gero, komunikadorea lortzeko aukera gehiago izango ditugula uste dugu”.
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 12an egingo dute, Bartzelonan. Sari modura, ekitaldira joateko bidaia eta komunikatzeko ordenagailu eramangarri bat edo tablet bat irabaziko dituzte lehen biek. Baita diru laguntza ekonomiko bat ere: 3.000 euro lehenengoak eta 1.000 euro bigarrenak.
Aukeran dauden bi sarietako bat lortzea oso lagungarria egingo zaiela nabarmendu dute Antxustegiren hurrekoek. “Aitorrek komunikadorea aldean erabiltzen du beti, eta kristala apurtu zaigu egunotan; kristala bera aldatzea oso garestia da. Player batekin gabiltza orain, ezinean”.