Koldo Goitia jeltzalea izendatu dute Lea-Artibai Amankomunazgoko presidente
Zazpi botori esker, lehen bozketan gehiengoa lortuta izendatu dute Goitia. Edriga Aranburu EH Bilduren hautagaia izango da lehendakariordea.
Koldo Goitia Markuerkiaga Lekeitioko alkatea izango da hurrengo lau urteetan Lea-Artibai Amankomunazgoko burua; zazpigarren lehendakaria izango da. Amankomunazgokoa osatzen duten herrietako ordezkariek gaur [urriak 31] arratsaldean egin dute bozketa Amankomunazgoko eraikin nagusian, eta EAJren hautagaiak lortu du izendapena, boto bategatik.
Lehenengo eta behin adineko mahaia osatu dute, eta ostean, Amankomunazgoko Batzar Nagusi Berria eratu dute. Batzar Nagusia osatuta, alderdi bakoitzak bere hautagaitza aurkezteko unea iritsi da. EAJk Goitia aurkeztu du, eta EH Bilduk, berriz, Edriga Aranburu Agirre lekeitiarra. Amankomunazgoa osatzen duten bederatzi udalerrietako ordezkariek egindako lehen bozketan zazpi boto lortu ditu Goitiaren aldeko hautagaitzak. Aranbururen aldeko hautagaitzak sei boto eskuratu ditu guztira. Boto zuri bat ere egon da.
Hain zuzen ere, biztanlegoaren arabera ordezkari kopuru bat daukate Lea-Artibai Amankomunazgoa osatzen duten udalerriek. Hauteskundeetan lortutako botoen arabera banatzen dira boto horiek, hamalau denetara: Ondarroak 3 boto (2 EH Bilduk+1 EAJk), Lekeitiok 3 boto (1 EH Bilduk eta 2 EAJk), Markina-Xemeinek 2 boto (EAJk eta EH Bilduk boto bana) eta Berriatuak (EH Bildu), Etxebarriak (EAJ), Gizaburuagak (Independenteak), Ispasterrek (EAJ), Mendexak (EAJ) eta Ziortza-Bolibarrek (EH Bildu) boto bana emateko aukera ere eduki dute.
Goitiak pozik jaso du aginte makila Rakel Elu Bengoetxea aurreko lehendakariaren eskutik. Erronka berriari ilusioz eta erantzukizunez ekiten diola azpimarratu du izendapena jaso ondoren. “Eskualde mailan lana egitea erronka berri bat da niretzat. Amankomunazgoa udalen tresna modura erabiltzea gustatuko litzaidake. Udal guztiak Amankomunazgoan eroso egotea nahi dut”.
Amankomunazgoa sortu zeneko helburuak berreskuratu nahi ditu Goitiak, eta aurreratu duenez, datorren astean hasiko da lanean. “Amankonazgoa barrutik sakontasunean ezagutu nahi dut, eta hurrengo osoko bilkurarako ildoak ezarri nahi nituzke”.
Eskualdearen gidatzaritza hartu orduko, aro berrirako aipagarriak iruditzen zaizkion lan ildoak ere azaldu ditu lehendakari berriak. Lehentasuna datorren urterako aurrekontua lehenbailehen onartzea izango da, hain zuzen. “Ahal badugu Gabonak orduko onartu nahiko nituzke”. Gizarte Zerbitzuak indartzen jarraitzeko asmoa duela ere gaineratu du. “Amankomunazgoan Gizarte zerbitzuek pisu handia daukate, eta zerbitzua bermatzea berebizikoa dela iruditzen zaigu”.
Lehendakari berria izendatu ondoren, lehendakariordea aukeratzeko tartea ailegatu zen. EAJk ez zuen hautagaitzarik aurkeztu, eta EH Bilduk Aranburu aurkeztu zuenez lehendakariorde kargurako, bera aukeratu zuten, EH Bilduko ordezkarien aldeko botoekin. EAJko ordezkariak abstenitu egin ziren, baita Gizaburuagako ordezkaria ere.