Ondarroako zubiak ezagutzera eman dituzte Lea Artibai Fest egitasmoaren barruan
Herriaren alde bat besteagaz lotzen duten zubirik esanguratsuenak bisitatzeaz gain, herriko ondarea eta historia hobeto ezagutzeko parada izan dute bisitariek ordu eta erdi inguruko bisita gidatuan.

Domu Santu zubian Lea-Artibai eskualdera hurreratu diren bisitariek Lea Artibai Fest egitasmoagaz gozatzeko aukera eduki dute. Gaur [azaroak 2], esaterako, Ondarroako txokorik interesgarrienak ezagutzeko aukera eduki dute Euskal Herriko hainbat tokitatik gerturatu diren 30 bat lagunek. Bisitan, oro har, Ondarroa eta herriko zubiak izan dira gaurko protagonista nagusiak.
Bisita gidatua Ondarroako turismo bulegoaren parean hasi dute, eta handik, Latxanbre enparantzara abiatu dira bisitariak. Latxanbre enparantza, hain zuzen, sasoi batean herriko ontziolak zeuden tokian bertan dago, eta ontziolei buruz berba egiten hasi du bisita turismo bulegoko arduradunak. Ontziolek Ondarroan edukitako pisuari buruzko hainbat azalpen jaso dituzte bisitariek, eta baita, ustez, herrian egin zen ontzi ezagunena aipatu ere.
Zubi Zaharraren parean zeudenez, zubiari buruzko hainbat xehetasunen berri ere jaso dute. Besteak beste, gaur egun ezagutzen den zubia ezagutzen den hirugarrena da. Gaur egungoa 1961an eraikitakoa da, aurrekoa 1953ko uholdeetan desagertu ostean. Metro batzuk harutzago Ondarroa Gipuzkoarekin batzeko egindako Zubi Barria ere izan dute hizpide. Baita Zaldupeko eta Errenteriako zubia ere.
Zubi Zaharra atzean utzi eta Zubi Barritik igaro ondoren, Likona Dorrearen azpian egin dute hurrengo geldialdia. Dorrearen historiari eta jabeei buruzko hainbat datu jaso dituzte bisitariek. Dorrea, esaterako, herria erre zutenean zutunik geratu zen eraikin bakarretakoa izan zen eliza eta beste harrizko eraikin bakar batzuekin batera.
Eta Ondarroako esentziaz guztiz bustitzeko dorre ondoko eskailerak gorantz igo, eta Kaleanditik zehar Alamedaraino jarraitu dute ibilaldia. Portu ingurura gerturatu dira, eta Itsasaurreko zubia mirestu eta orain berreraikitzen ari diren Plaiko Zubiari buruzko xehetasunekin amaitu dute. Jardunaldiak gainera, ondarea eta kultura bertoko gastronomiaren uztartu ditu. Beikozini aretoan egindako dastaketan tokiko eta eskualdeko gastronomiaren onena ezagutzeko aukera eduki dute.
Leartibai Garapen Agentziak antolatuta, gainera, beste hainbat proposamen ere prestatu dituzte astebururako. Azken esperientzia bizitzeko aukera bihar [azaroak 3] egongo da Markina-Xemeinen. Bisitariek Markina-Xemein monumentala ezagutuko dute.