Eskualdeko kiroldegietako langileek protesta egin dute Ondarroan
Zaldupe eta Atxondo kiroldegietako langileek elkarretaratzea egin dute lan gatazka kaleratzeko. Hurrengo egunotan ere beste hainbat protesta egingo dituzte. Etzi, esaterako, Markina-Xemeingo Zelaian batuko dira bi kiroldegietako langileak.
Azaroaren 10era arte greba egiten ari dira Bizkaiko igerileku, kiroldegi eta kirol zelaietako langileak, sektore horretako lan baldintzak duintzearen alde. Bizkaiko deialdiagaz bat eginda, Ondarroako eta Markina-Xemeingo kiroldegietako langileek ere grebari eusten diote. Lan gatazka kaleratzeko asmoz, bi kiroldegietako langileek Kiroldegietako langileentzat lan hitzarmen duina lelopean elkarretaratzea egin dute gaur [azaroak 5] eguerdian Ondarroako Alamedan.
Oro har, kirolaren sektorearen profesionaltasunagaz bat datorren lan hitzarmen duina behar dutela exijitu dute. Lan hitzarmen duina, Kiroldegiak borrokan eta antzeko leloak ozen entzun dira Alamedan, inguruetatik igarotzen ziren herritarrei informazio orriak banatzen zizkieten bitartean.
Greba egiteko arrazoiak asko direla nabarmendu dute. Eta horretarako sektorearen lan baldintzak iraultzea beharrezkoa dela esan dute. Helburu hori lortzeko hainbat eskari egin dituzte. Besteak beste, lanaldi osoa finkatzea eskatzen dute. 35 orduko lan astea eta soldatak KPIa baino gehiago igotzea ere eskatzen dute.
Dituzten gabeziak ere handiak direla azpimarratu dute. Besteren artean, lanerako arropa egokiak falta zaizkie, eta hutsik dauden lanpostuak betetzeko bermerik ere ez dute.
Egoera konpontzea nahi dutela jakitera eman dute, baina horretarako, udalei dagokien erantzukizuna hartzeko eskatu diete, eurak direlako kirol zerbitzuak eskaintzen dituztenak. “18 hilabeteko negoziazioaren ostean, eta 30 urte baino gehiagoko hitzarmen duinik gabe egon ondoren ez gaude prest adar jotze hau onartzen jarraitzeko, sektoreren egoera jasaezina da”.
Lan baldintzak hobetzeko egingo dituzte mobilizazioak eta lan uzteak babestea eskatzen diete herritarrei. “Gure asmoa ez da erabiltzaileak aztoratzea, kontrakoa baizik. Erabiltzaileek bertan dauden langilegoaren prekarietatearen ezagutza garrantzi handikoa da, diru publikoaz matentzen baita”.
Sindikatuen arabera, erantzun zabala izaten ari da deialdia. Eskualdean jada, igartzen ari da grebaren eragina.
Lan hitzarmen “duin” baten alde protestan jarraituko dute azaroaren 10era arte, eta bien bitartean, mobilizazio gehiago egiteko asmoa dutela aurreratu dute. Gaur arratsaldean, esaterako, nork bere herrietako kiroldegien aurrean protestak egin dituzte. Eta bihar [azaroak 6], 17:30ean, Bilbon egingo diren protestetan ere parte hartuko dute Zaldupe eta Atxondo kiroldegietako langileek. Eguenean [azaroak 7], ostera, 11:30ean Markina-Xemeingo Zelai aurrean batuko dira eskualdeko kiroldegietako langileak. Gaur modura, informazioa banatzen ariko dira herritarrei. Eguen arratsaldean, aldiz, nork bere herriko kiroldegi aurrean egingo dituzte protestak.
Barikuan [azaroak 8], azkenik, beste protesta bat egiteko batuko dira 10:30ean, Bilbon. Protesta modura hainbat kirol jarduera egingo dituzte Arriaga aurrean. Ostean, udaletxe aurrean eta pareko zubietan elkarretaratzeak egingo dituzte.
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek egin dute borrokaldirako deia, negoziazio mahaian jasaten ari diren “blokeoagatik”. Sindikatuen arabera, erantzun zabala izaten ari da deialdia. Eskualdean jada, igartzen ari da grebaren eragina. Izan ere, eskualdeko bi kiroldegi nagusietako hainbat zerbitzu ez daude abian. Soroslerik ez dagoen tokietan itxi egin behar izan dituzte igerilekuak, eta bertan behera laga behar izan dituzte hainbat ikastaro eta saio ere.