Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eskualdeko ur hornikuntza hobetzeko zundaketa lanak egingo ditu Berriatuan
Ibaietako uren erabilera murriztu nahi du Ur Partzuergoak. Entitateak 213.144,80 eurogatik lizitatu ditu zundaketa abiarazteko obrak. Berriatuan egingo dute zundaketa.
Berriatua Bko zundaketa lanen proiektua lizitatu du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak. Lizitazio lanak eskatu nahi dituzten enpresek azaroaren 14ra arte egin ahalko dute; 213.144,80 eurotan lizitatuko ditu lanak Ur Partzuergoak.
Zundaketa lanekin Ur Partzuergoak Lea-Artibaiko ibaietako uren erabilera murriztea bilatzen du; urteak daramatzate erreketako uren mendekotasuna ekiditu eta eskualdeko hornidura osatzeko lanean, zundaketak eginez. Urrian Artibai ibaiaren ur-maila baxua dela eta Lea-Artibaiko uraren kontsumoa murriztea eta mugatzea gomendatu zien eskualdeko zortzi udalerriri.
Hori konpontzeko ur iturri osagarri berriak aurkitu gura dituzte. Zehazki, proiektuaren helburu nagusia 13 litro segundoko ur emaria aurkitzea izango dela adierazi dute Bilbao Bizkaia Ur Partzuergotik. Emari hori aurkitzeko egingo dituzten zundaketa lanak “sakonak” izango direla aurreratu dute; lurrazpiko ur iturria 400 edo 500 metroko sakoneran egotea aurreikusi dute. Teknikariek uste dute Berriatuan, Cikautxo inguruan, ur biltegi handia dagoela lur azpian. Biltegi hori bilatzeko zundaketa lanak egin zituzten, Berriatua A izenpean. “Zundaketa hori ez zen ondo atera, eta orain bigarren bat egingo dute, sakonera handiagoan”.
Hiru urteko proiektua. Ibaietako uren emaria murriztuta, proiektuagaz etorkizunean Ondarroa eta Berriatuako uren hornikuntzan aurreikusita dagoen gabeziari aurre egingo diote. Egindako frogekin erabilgarri dagoen ur emaria positiboa dela ziurtatzerakoan Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eraikitzeko proiektua eta hori gauzatzeko lanak hasiko dituela iragarri du. Jakinarazi dutenez proiektuak dagoeneko jaso du Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Ebaluazioaren txostena.
Ur Partzuergoko arduradunen arabera, proiektuaren erredakzioaren behin-behineko onarpena 2020ko ekainean egitea aurreikusten dute; lanen lizitazio prozesua eta esleipena 2021ko martxoan egingo dute. Obren datei buruzko aurreikuspenak ere eman dituzte: lanak 2021ko irailean hasi eta horiek 2022 amaieran bukatzea aurreikusi dute; ur iturri osagarriak une horretan gehituko ziren Lea-Artibaiko ur emarira.
Aurre alerta mailan. Markina-Xemein, Etxebarria, Aulesti, Amoroto, Ondarroa, Berriatua, Munitibar eta Ziortza-Bolibarko udalek Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak proposatutako protokoloa martxan jarri zuten urrian. Euri faltagatik Artibai ibaiaren egoerak alarmak piztu zituen; 295 l/s-ko emariagaz “aurre alerta mailan” egon zen.
Protokoloagaz kaleen garbiketaren eta lorategien ureztapenaren inguruko neurriak hartzea eskatu zuten, eta igerilekuak betetzea edo ura berriztea eta ibilgailuak, plaza txikiak, patioak edo antzeko espazioak garbitzeko ura erabiltzea debekatu zuten. Lea-Artibaiko eskualdea historikoki ibaibide txikien menpe egotearren udal zein herritarrei erantzukizunez jokatzeko eskaria egin zieten, euria egin eta uraren emaria igo arte.