Bi akuario berri muntatu dituzte Mutrikuko Kardala akuakulturako ikasleek
Eskola alboan dagoen Onkaia arrandegian ur gaziko 300 litro inguruko akuario bat muntatu dute eta Goizeko Izarra ikastolan, berriz, ur gezako akuario txikiago bat.
Akuariofilia eta Enpresa eta Ekimen Sortzailea ikasgaiak uztartuta, eta arlo soziala lantzeko helburuarekin, sei hilabete iraungo dituen proiektu berri bati ekin diote Mutrikuko Kardala akuakulturako 2. mailako sei ikaslek. Beraien formakuntzarako baliagarria izango zaielakoan bi akuario berri muntatzeko proposatu zieten irakasleek. Onkaia arrandegian ur gaziko akuario bat muntatu dute eta Goizeko Izarra ikastolan ur gezako txikiago bat.
Eskolaren alboan dagoen Onkaia arrandegiaren babesari esker lortu dute proiektua aurrera eramatea, eta hori dela eta, 300 litro inguruko dituen ur gaziko akuario ikusgarri bat muntatu dute arraindegi sarreran, bertatik igarotzen diren bezeroen arreta erakartzeko asmoz.
Akuarioa itsasotik hartutako ur filtratuarekin betetzen eta Mutrikuko hondartzatik hartutako harriekin apaintzen ibili dira azken asteotan, eta muntaketa teknikoa amaituta, orain tokiko arrainak sartzeko unea iritsi dela aurreratu dute. “Akuarioko urak egokitzapen ziklo bat behar du, eta ia hilabete bat arrainik gabe egotea komeni izaten da”. Sarbo, buzten-baltz, urreburu, lazun eta lupin kume gutxi batzuk sartuko dituzte; bina edo hiruna. Ermitau eta karramarro txiki batzuk sartzeko asmoa ere badute. “Gure biotopoan bizi diren arrain espezieak dira. Arrain gehienak eskolan ekoiztutako arrainak dira gainera. Lupinak, urreburuak eta lazunak arrautzetatik hazten ditugu hemen. Sarboak eta buzten beltzak, aldiz, portu inguruko uretan arrantzatu ditugu”.
Ikasleek lan praktikak hasterakoan desmuntatuko dituzte akuarioa, otsailean. Bien bitatean, mantenu lanak egin beharko dituzte, dagokienean arrandegira bisitak eginez. Akuarioaren ardura denen artean hartu dute. “Astean bitan edo hirutan laginak jasoko ditugu, uraren parametro guztiak ondo daudela ziurtatzeko. Jaten ere guk emango diegu arrainei. Mantenu eta elikatze taulak egin dituzte, dena ondo kontrolatuta edukitzeko”.