Amorotoren sorreraren 500. urteurrena ospatzeko egitasmoa egingo dute
'Memoria jorratu, etorkizuna eraiki' izenpean, herritarren bizimoduari edota baserri eta lurren antolakuntzari buruzko hitzaldia eskainiko dute zapatuan. Udalerriko historia laburbiltzen duen erakusketa ere egongo da ikusgai.
1519. urtean Amoroto eleizate burujabe modura eratu zen. Udalerria ordura arte Lekeitiogaz lotuta zegoen, baina era horretara burujabetasuna lortu zuen. Urteurren hori gogora ekarri eta ospatzeko asmoz, Amorotoko Udalak egitasmo berezi bat egingo du zapatuan. 18:00etan Kultur Etxean batuko dira Memoria jorratu, etorkizuna eraiki izeneko hitzaldi-tertulia egiteko.
Bertan bi hizlarik parte hartuko dute: alde batetik Ander Plaza historialari lekeitiarrak orain 500 urteko Amorotok eta Lea-Artibaik bizitako egoera azalduko du: zenbat herritar bizi ziren, aginpidea zer nolakoa izaten zen edota elizaren boterea izango dira, besteak beste, historialariak jorratuko dituen gaiak.
Ostean Gorka Menendez etnobotanikoak Plazak emandako azalpenak osatu egingo ditu baserri eta lurren antolakuntzaren ikuspuntutik; bost mendetan izan dituzten aldaketak eta eboluzioa azalduko ditu, gaur egunera arte.
Hitzaldiagaz batera Amorotoko argazki zaharrak biltzen dituen erakusketa eskainiko dute Kultur Etxean bertan.
Hausnarketa prozesuaren hastapena. Udalaren arabera, urtemuga berezi hori “beste hainbat gairi bultzada bat emateko aitzakia ona izan daiteke”; egitasmoaren izenburuak dioen modura memoria jorratzeagaz batera etorkizunari buruz hausnartzeko aprobetxatuko dute.
Maribi Ugarteburu zinegotziaren berbetan, “500 urte egin ditugu herri modura, eta une ona izan daiteke aurrera begira hausnarketa bat egiteko”. Hausnarketa hori udalaren edo udal ordezkariek bakarrik egindakoa izan beharrean, “modu partekatuan” egin beharrekoa dela uste du Ugarteburuk, “ahalik eta herritar gehienen artean eginez”.
Hori horrela, herritar guztien artean hausnartu eta lantzeko “gai garrantzitsu asko” daudela dio zinegotziak. Nagusiki etorkizun hurbil batean Amorotoko bizilagunek zer nolako herria nahi duten hausnartzea proposatzen du. “Proiekzio ertain bat eginda, hamar edo hogei urte barru zer nolako Amoroto nahi dugun hausnartzea“.
Horrekin batera etxebizitzak, hezkuntza,, kultura, berdintasuna, ingurumena eta basogintza politika eta beste hainbat gai jorratzeko aukera dagoela uste du Ugarteburuk. “Prozesu baten hastapena” dela dio Ugarteburuk: zapatuko ekimenetik hasita datozen hilabeteetan herritarrekin hausnarketa dinamika bat eratzea nahi du udalak, “gai potolo horiek elkarrekin lantzeko”.