Telesforo Urrestik lagatako diruagaz zer egin aztertu nahi du Ondarroako Udalak
Urrestik BBVA eta Iberdrolako akzioetan utzitako ondareak 1.700.000 euro inguruko balioa duela esan dute udal ordezkariek. Dirua zertan erabili agintaldi honetan erabaki nahi dute.
Ondarroako udal ordezkariek jakitera eman dutenez, Telesforo Urrestik utzitako diruagaz zer egin behar den erabakitzea da udal gobernuaren hurrengo asmoetako bat. Horretan ari direla azpimarratu dute gaur [azaroak 12] Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak eta Eneritz Basurko Pagoaga alkateordeak egindako prentsa agerraldian.
Udalak dio argi daukala Urrestik utzitako dirua azpiegitura baterako erabiliko dela. Horrez gain, Urrestiren nahietako bat frontoi estali bat eraikitzea zela ere gogorarazi dute. “Bi oinarri horiek kontuan hartuta proiektu bat nola gauzatu dezakegun pentsatzen ari gara”, esan du Bedialaunetak. Alkateak azpimarratu duenez, frontoi estali bat eginez gero, argi dago “erabilera askotarako frontoia” izan beharko litzatekeela. Hala, azpimarratu du udalaren asmoa ez dela “bakarrik kirol profesionalei” zuzendutako azpiegitura bat sortzea, baizik eta beste ikuskizun asko hartu ditzakeen azpiegitura bat sortzea. Erabakia agintaldi honetan hartu nahi dutela nabarmendu dute. “Telesforok herriari utzitako dirua zertara bideratu behar dugun zehaztuko dugu lehenengo, eta ahalik eta arinen errealitate bihurtzen saiatuko gara”.
Udal ordezkariek argi dutenez, Urrestik utzitako dirua ez dute dirua ez dute edozelan erabili nahi
Bere sasoian, udal gobernuan zeuden bi alderdien oniritziagaz frontoi bat egitea adostu zuten. Hasita zegoen obra, baina bertan behera geratu zen. Ostean, kirolgune berri bat egitea erabaki zuten, baina ez zen ekonomikoko bideragarria. “Zoritxarrez, ez frontoia ezta kirolgunea ere ez dira egin, eta Telesfororen diruaren kontua geldirik egon da. Urte asko igaro dira, eta gaia bideratu beharra dago”.
Azaldu dutenez, Urrestik utzitako ondareak BBVA eta Iberdrolaren akzioetan inbertituta jarraitzen du. “1.700.000 euro inguruko balioa zuten aurreko astean”. Argi utzi dutenez, Urrestik utzitako dirua ez dute edozelan erabili nahi. Hain zuzen ere, horregaz diruagaz Kamiñaldeko lanen zati bat ordaintzeko proposatu zien Bizkaiko Foru Aldundiak, baina udalak ezezkoa eman zien. “Telesforo Urrestik helburu batekin utzi zuen dirua, eta hori errespetatu nahi dugu”.
Kamiñaldeko lanei dagokienez, ostera, lanak amaitzeko gutxi falta dela gaineratu dute. “Gabonetarako gaiagaz amaitu nahiko genuke». Zehatz esanda, berpartzelazioa eta jabeei lur sailak bueltatzea, azken fakturak ordaintzea eta beste zenbait kontu txiki baino ez dira geratzen.
Beste alde batetik, Gotzaindegiagaz harremanak egonkortu egin direla esan dute. “Urteetan Ondarroako Udalaren eta Gotzaindegiaren arteko harremanak etenda egon dira, bi erakundeen arteko tirabirek eraginda. Orain, harreman horiek hobeak dira, eta horren seinale da zabaltzear dagoen Ibaiondoko aparkalekua». Jakitera eman dutenez, urtarrilerako zabaldu nahi dute.
Gaur egun Ondarroako Udalak eta Gotzaindegiak berrartuta dituzte harremanak, eta hiruzpalau aldiz ere elkartu dira. Horren arabera, Ibaiondoko aparkalekuetan bost leku ditu Gotzaindegiak.
Harreman zail horien jatorria Txomin Agirre ikastolako jolastokia estaltzeko hitzarmena sinatu zenetik datorrela azaldu dute.
Gotzaindegiak eguneko 300 euroko kalte ordaina eskatzen dio udalari. Denetara, milioi bat euro ordaintzea aurreikusten dute
Orduan zegoen udal gobernuak hitzarmen bat sinatu zuen Goitzaindegiagaz Txomin Agirre ikastolaren jolastokia estaltzeko eta jolastokiaren azpian aparkalekuak eraikitzeko. “Hitzarmen hori legez kanpokoa zen, ez baitzituen arau subsidiarioak betetzen. Hitzarmena sinatu zenean bazekiten arauek zer zioten. Orduan, jolastoki guztia estaltzeko lanak hasiz gero, bizilagunek salaketa ipiniko zutela esan zuten, arau subsidiarioak aldatu barik hori egitea ez baitzen legezkoa. Hori ikusita eta bizilagunek arrazoia zutela ikusita, gaur egunean dagoen modura eraikitzea erabaki zen”.
Hitzarmenak esaten zuenaren arabera, urte batean egin behar ziren lanak, baina azkenean hiru behar izan zituzten. Hori dela eta, Gotzaindegiak eguneko 300 euroko kalte ordaina eskatzen dio udalari, baina 10 urtetan. Orain epaiaren zain daudela esan dute. “Epaiaren berri, berez, udarako eman behar ziguten, baina zain jarraitzen dugu negoziaketa prozesu bati ekin eta kalte ordainen ordainketa adosteko. Hitzarmena ez da osotasunean bete, baina partzialki bai bete da. Hamar urte izanez gero, milioi bat euroko kalteordaina ordaintzea aurreikusten dugu”.