'Kiputz' liburua aurkeztuko dute Mutrikun
Aurkezpena zapatuan egingo dute, 11:30ean, udaletxeko areto nagusian.
Pedro Castaños Aranzadi Zientzia Elkarteko paleontologoak eta Xabier Murelaga EHUko Paleontologiako Departamentuko irakasle titularrak Kiputz liburuaren aurkezpena egingo dute zapatuan [azaroak 16] Mutrikun. Hitzordua 11:30ean ipini dute udaletxeko areto nagusian. “Bertaratzen direnek gonbidapen batekin liburuaren ale bat eskuratzeko aukera edukiko dute”. Gonbidapena turismo bulegoan jaso daiteke bihar [azaroak 15] 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara eta zapatuan [azaroak 16], 10:00etatik 11:00etara.
Arno mendiaren magalean dagoen Kiputz kobara hainbat animalia amildu ziren historiaurrean. Kobak irentsi zituen eta milaka urtetan pilatuta egon ziren bertan. 2002an berreskuratu zuten aztarnategia Azkoitiko Munibe Taldeko kideek, eta bertan egindako indusketei esker Pleistozeo Garaiko ugaztunen hezurrak berreskuratu zituzten; besteak beste, hemezortzi bisonteren aztarnak, 23 elur oreinenak, 48 oreinenak, lehoienak, hartzenak…
Berreskuratutako aztarna horietatik guztietatik adierazgarriena 2006an Kiputz IX izeneko aztarnategian Aranzadiren Munibe taldeko arkeologoek aurkitu zuten duela 19.000 urteko Bison priscus espezieko estepako bisonte baten buruhezurra izan zen. Buruhezurra Iberiar Penintsulan topatu direnetan ongien kontserbatua dagoena da, eta Europa mendebaldean topatu direnen artean ere, ongien dagoenetako da.
Aurkezpena, gainera, Miel Sasieta eta Munibe Taldearen omenez egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek. Miel Sasieta ikerlariak, hain zuzen, aztarnategiko aurkikuntza eta ikerketan parte hartu zuen, Munibe Arkeologia Taldeko kideekin batera.