Txomin Agirre 28ko eraikina bota beharko du Ondarroako Udalak
Jabea LKS enpresa baldin bada ere, epaileak udalari agindu dio eraikina eraistea. Eraisketa kostu handiagaz gain, 465.000 euro baino gehiago ordaindu beharko ditu udalak kalte ordainketan.
Eraikinaren jabea LKS enpresa bada ere, eta enpresaren eta udalaren arteko interes kontrajarriak tarteko, epaileak Ondarroako udalari agindu dio eraikina eraisteko. Lanak ahalik eta lasterren burutu beharko ditu udalak. Iragarri dutenez, Txomin Agirre 28ko eraikina eraisketa lanek 300.000 euro inguruko kostua dutela jakitera eman du Ondarroako Udalak.
Txomin Agirre kaleko 28 zenbakiko partzela, berpartzelazioa egin ostean, 2005ean atera zen enkantera. Eta udal ordezkariek azpimarratu dutenez, prozesu hori gaizki egin zen. “42 metro karratuko zoru publikoa atera zen enkantera, eta hori ez da legezkoa”. Enkante hori Urrestik irabazi zuen eta ordainetan 90.000 euro ordaindu zikion Ondarroako Udalari. Horrez gain, Txomin Agirre 28an bi partzela batu zituzten eraikina egin ahal izateko, eta Alde Zaharrean hori egitea legez kanpokoa da PERIk dioenaren arabera.
Eraikina egitea legez kanpokoa zela ikusita, eta salaketa batzuk tarteko, epaileak legez kanpokotzat jo zuen eraikina, eta eraiste agindua eman zuen. “Kontua da epai hori baino lehen herritarrek dirua aurreratu zutela, eta orain udalak 115.000 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dizkie garaiko udal gobernuak legez kanpo egin zuen kudeaketarengatik”.
Etxea erosi zuten herritarrei ez eze, Urrestiri ere kalte ordaina ordaindu beharko dio udalak. Zehatz esanda, 351.323,28 euro ordaindu beharko ditu. “Ikusten denez, Ondarroako Udalak urteetan egindako legez kanpoko egikariengatik orain motxila handia dauka gainean, eta kalte ordainak ordaintzen eta pisu guzti hori kudeatzen ari da, horrek dakarren kostu pertsonal, ekonomiko eta denbora inbertsio guztiagaz”.