Hericoast proiektuak kostaldeko ondare kulturala elkarlanean zaintzeko lana bultzatu du
"Erronkei elkarlanean aurre egitea errazagoa da". Hori da Hericoast proiektuak proposatzen duena kostaldeko eskualdeetan ondare kulturala zaintzeko. Lea-Artibai izan da Europa mailako egitasmoan parte hartu duen eskualdeetako bat.
Hericoast-Interreg Europa 2016. urtean abiarazi zuten Europa mailako egitasmoa da. Lau urteko iraupenagaz, helburu nagusia ibai eta itsas eskualdeetan kostaldean kokatuta dauden ondare kulturalen kudeaketan eskualde politikak hobetzea izan da.
Hainbat izan dira Eskualde Garapenerako Europako Funtsak finantzatutako proiektuan parte hartu duten eskualdeak: horien artean daude, esate baterako, Norvegiako Vest-Agder, Italiako Molise, Irlandako Donegal edota Errumaniako Tulcea. Horiekin batera Lea-Artibai ere murgildu da Hericoast proiektuan. Antolatzaileen berbetan, Europan zehar sakabanatuta dauden kostaldeko eskualde horiek dibertsitate handikoak diren arren, antzeko erronkak dituzte aurrean.
Eskualdeotako ondare kulturalak, askotan, beraien paisaiaren ezinbesteko elementuak izaten dira; denborak aurrera egin ahala, baina, industrializazioak, garraiobideek eta beste hainbat elementuk ondare hori arriskuan jarri izan dute.
Proiektuak ondare kultural hori kudeatzeko proposatutako metodoa herrialde desberdinetako eskualdeen “praktika onen transferentzia” izan da. Hori eginda, ondare kulturala mantendu eta babesteko bideak jorratu dituzte proiektuaren arduradunek; kostaldeko paisaiak berreraikitzerako orduan ustiaketan eta kontserbazioan oreka hobeagoa edukitzeko moduak ikertu dituzte. Sei proiektu argitaratu dituzte Hericoasten eta hamazazpi praktika on.
Leartibai Garapen Agentzia-Behargintza izan da Lea-Artibain Hericoast proiektuagaz ondare kulturala babesteko bideak bilatu dituen erakundea; jasangarritasuna bermatzeko metodoak aztertzea izan da proiektua bultzatzeko arrazoi nagusia. Kostaldeko ondarearen inguruko politikak izan ziren erakundeak lanean hasi bezain laster aztertutako elementuak.
Jaso-emana. Horiek identifikatzerakoan, eskualdean natur eta kultura ondarea “banatuta” zegoela ohartu ziren arduradunak. Praktika onen bost adibide nabarmendu zituzten: Lekeitioko Itsas Ondarea, Lea ibarreko bailara, Ondarroa 2020 estrategia, Eskualdeko lurralde garapena lantzeko lan-mahaietan oinarritutako kudeaketa eredua eta Albaola Itsas Faktoria.
Beste bazkideen herrialdeetara bisitak egiterakoan, Donegalgo eta Molisesko ereduak aztertu, eta Vest Agderko praktika on bategaz geratu ziren; bertako uhartedi txiki bat parke naturalaren izendapena jasotzeko prest zegoen.
Horiek ardatz hartuta, erakundeak hiru ekintza nagusi eratu zituen: Lea-Artibaiko kostaldeko ondarearen turismo estrategia, kostaldeko ondarea Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako nazioarteko kostaldeko turismoaren taldean sartzea eta kostaldeko ondarea, ekintzailetza eta negozioen babeserako zerbitzuak integratzea.
Ekintza plana garatuta, “oso baliogarriak” izan diren emaitzak lortu dituzte. Alde batetik, eskualdeko nortasuna garatzeko lanean aritu dira, eta kostaldeko turismoa dinamizatzerako orduan, plan bat prestatzen hasi dira. Gainera, enpresa berriak sortu eta sustatzaileekin elkarlanean aritzeko aukerak landu dituzte, baita beste eskualde eta erakundeekin aritzekoak ere.
Bazkide bakoitzak ateratako ondorioak ezagutzera eman eta beste eskualdeetako ordezkariekin batera eztabaidatzeko asmoz, proiektuaren amaiera ekitaldia egin zuten joan den astean. Bi jardunalditan banatu zuten ekitaldia; lehendabizikoa Lekeition egin zuten, eta bigarrena Pasaian.
“Gure etorkizunerako natura eta kultura ondarearen balioaz jabetzea garrantzitsua da”, adierazi zuen Jon Arriola Garapen Agentziako zuzendariak Lekeitioko Silken hotelean egindako ekimenean. Kudeaketa bide berrien beharra azpimarratu zuen, ondare hori “era jasangarrian ustiatzeko eta zaintzeko”.
Nortasunaren isla. Mikel Xabier Aizpuru Eusko Jaurlaritzako Ondare Kulturalaren zuzendariak azpimarratu zuenez, “ondare naturala, kulturala eta turismoa bateragarriak izan behar dira, eta erakundeen arteko elkarlana beharrezkoa da ondarea babesteko, zaintzeko eta zaharberritzeko, ikertzeko eta bere balioa azpimarratzeko”.
Maria Peraita Unesco-Euskal Herriko Unibertsitateko Paisaia Kulturalak eta Ondareako kideak azaldu zuenez, homogeneizaziotik bereiztea “nahitaezkoa” da tokiko garapena lortzeko, “ondareak eskualdeen nortasuna ahalbidetzen duelako”.
Aldaketa klimatikoak ere lekua eduki du Hericoasten. Linde Egberts proiektuko kideak “erronka berria” dela aipatu, eta horri aurre egiteko lankidetza “beharrezkoa” izango dela adierazi zuen; erronka berberak izanik, kostaldeko lurraldeen arteko elkarlana eta ezagutzak partekatzearen garrantzia azpimarratu zuen.
Hericoastek elkarlan hori ahalbideratu duela eta helburu bera eduki duten lurraldeen arteko elkartea sortzeko balio izan duela aldarrikatu zuten Lekeition. Vest-Agderko Kare Kristiansenen berbetan, lurraldeen artean zeuden desberdintasunekin hasiera batean elkarlan hori sortzea “zaila” izan zen arren, guztiek interes berdinak edukita, hainbat ondorio atera dituzte.
Ondorio garrantzitsuenetako bat kostaldeko turismoaren ingurukoa izan dela aipatu zuen. Izan ere, turismoaren erabilera desegokiak ekiditeko hainbat erronka daude mahai gainean, eta koordinazio eta lankidetza ildoak ezartzeko beharra azpimarratu zuen.
Elkartrukearen ostean, Hericoastek aurrera jarraituko du; aipatutako hiru ekintza nagusiak eratuta, horiei jarraipena emateko lanean ariko dira 2020ra arte.