Erasmus Plus proiektuko ikasleei ongietorria eman die Ondarroako Udalak
Astebeteko egonaldia egingo dute Frantziatik, Bulgariatik, Txekiar Errepublikatik eta Turkiatik etorritako ikasleek. 'Tomorrow is on our hands' deritzon proiektua gauzatuko dute hurrengo bi urteetan Zaldupe ikastetxeko ikasleekin elkarlanean.

Ondarroako Zaldupe ikastetxea Erasmus Plus proiektuan parte hartzen ari da estreinako, eta gaur [azaroak 18], proiektu berean parte hartzen ari diren atzerriko hamabi ikasleei harrera egin diete udal ordezkariek Kofradia Zaharreko areto nagusian.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak eta Eneritz Basurko Pagoaga hezkuntza zinegotziak ongietorria egin ditete herritar guztien izenean Frantziako Guadalupe irletako Marigot Ecole Elementairetik, Txekiar Errepublikako Zamberk herriko Zakladni skolatik, Bulgariako Osnovno uchilishte Nikola Parapunov ikastetxetik eta Turkiako Inonuy Ilkokulu ikastetxetik Ondarroara etorri diren ikasleei eta irakasleei. Udal ordezkarien ongietorriaren aurretik, Zaldupeko ikasle eta irakasleek ere harrera egin diete ikastetxeko jolastokian.
Zaldupe, gainera, Erasmus Plus proiektuan parte hartzen ari den Bizkaiko Lehen Hezkuntzako ikastetxe bakarra da. “Ez da erraza horrelako proiektu bat lortzea. Eta oso pozik gaude lortu dugulako”, azaldu du Josebe Azpiri Akarregi zentroko zuzendariak.
Azpirik azaldu duenez, egun LH 5. mailan dauden ikasleek Tomorrow Is On Our Hands (Etorkizuna gure esku dago) ingurumenari buruzko proiektua elkarlanean garatuko dute bisitan etorri diren beste lau ikastetxeekin batera. Hizkuntza komuna ingelesa delarik gauzatu beharko dute proiektua hurrengo bi urteetan.
Datozen hilabeteetan hainbat gai landuko dituzte. Orain landaretza ari dira lantzen, baina elkartrukea gauzatuko duten herrialdera joan aurretik beste gai batzuekin jarraituko dute. “Guadalupera joan aurretik Ura gaia landuko dute. Turkiara begira Desagertzeko arriskuan dauden espezieak izango ditugu hizpide, Bulgariarako Animalien eta intsektuen dibertsitatea aztertuko ditugu, eta Txekiarako Ekosistema dibertsitatea“. Lehen irteera, 2020ko martxoaren amaieran egingo dute; Guadalupe irlara joango dira. Gainontzeko irteerak 2020-2021 ikasturtean egingo dituzte: 2020ko urrian Turkiara joango dira; 2021eko otsailean, Bulgariara; eta 2021eko maiatzean, Txekiar Errepublikara.