Joko bikaina ikusgai Mutrikun, zesta-puntako nesken topaketan
Xisterak antolatuta, Nesken Topaketako jardunaldia jokatu zuten zapatuan [azaroak 16] Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan.

Topaketan adin guztietako emakumeek parte hartu zuten. Kinielez gain, partiduak ere jokatu zituzten, era tradizionalera zein jokoetara. Jardunaldia kinielekin hasi zuten. Jokatutako kiniela bakarra Maiak eta Marak irabazi zuten. Ondoren, era tradizionaleko neurketak jokatu zituzten. Lehenengo partidua Elezgarai eta Nicolasek osatutako bikoteak irabazi zuen. Bigarrenean Idoeta eta Robles nagusitu ziren, eta azkenekoan, berriz, Mugartegik eta Lurrek irabazi zuten.
Jarraian, hiru norgehiagoka jokatu zituzten jokoetara, denak ere bikainak. Aurrenekoan, Merinok eta Calvok 2-0 (15-8 eta 15-14) hartu zituzten mendean Maeli eta Bereziartua. Bigarrena Aldazabalek eta Araik irabazi zuten; 2-1 (12-15, 15-13 eta 5-4) irabazi zieten Ortiz de Mendibili eta Bereziartuari. Azkenengo partiduan Merino eta Lizardi nagusitu ziren; 2-1 (15-8, 9-15 eta 5-1) irabazi zieten Arakistaini eta Arairi.