Lander Odiaga markina-xemeindarra, Euskal Herriko Hiru Txirlo Txapelketaren txapeldunorde
MX3T taldeko kideak sei txirlo jaurti ditu Uhagonen, eta hamazazpi txirlori esker, Euskal Herriko txapelketako podiumera igo da. Bizkaiko bolari onena Antonio Ibarluzea markina-xemeindarra izan da, 48 txirlogaz.

Euskal Herriko 30. Hiru Txirlo Txapelketaren final handia hartu zuen zapatuan [azaroak 16] Markina-Xemeingo Uhagongo bolatokiak. Antolatzaileek jakitera eman dutenez “kopuru ederrak” parte hartu zuen finalean; 69 bolari batu ziren denetara. Txapelketako azken jaurtialdian lortutako emaitza onari esker, sailkapen orokorrean bigarren postua eskuratu du MX3T taldeko Lander Odiaga markina-xemeindarrak.
Odiagak, hain zuzen, bigarren amaitu du Uhagongo jaurtialdia, sei txirlo botata. Jose Angel Fernandez taldekideak, berriz, hirugarren amaitu du txirlo kopuru beragaz. Markina-Xemeingo garaipena Lastur taldeko Joseba Lazkano itziartarrak bereganatu du, zazpi txirlo botata. Laugarren eta bosgarren postuak San Migel taldeko Xabier Loiolarentzat eta Eduardo Arronarentzat izan dira, bost eta lau txirlo jaurtita, hurrenez hurren. Seigarren postua, azkenik, Boni Plaza herritarrak eskuratu du, lau txirlogaz.
San Migel taldeko Xabier Loiola elgoibartarrak, berriz, “merezimendu osoz” jantzi du Euskal Herriko txapela. Sei txirlo bota zituen zapatuan Markina-Xemeinen, eta guztira, 23 txirlo botata, marka ederra lortu du Loiolak. Lander Odiaga markina-xemeindarra bigarren izan da hamazazpi txirlogaz eta haren atzetik Asola Berri taldeko Bittor Ugarteburu eibartarrak amaitu du, hamalau txirlogaz. Ugarteburu, gainera, nagusi kategoriako onena izan da. Iruzubieta taldeko Antonio Ibarluzea markina-xemeindarrak bosgarren amaitu du txapelketa, 13 txirlogaz, eta nagusi kategoriako bigarrena ere izan da.
Azken bolatokian sartutako bolei esker, berriz, Asola Berri taldeko Sonia Gomez eibartarrak jantzi du txapela emakumeetan, 7 txirlogaz. MX3T taldeko Mirare Azkune etxebarritarrak hirugarren amaitu du, Asola Berri taldeko Olaitz Rodriguez eibartarren atzetik; 5 txirlo bota ditu Azkunek.
Bikoteka Elgoibarko San Migel taldeko Angel Ibarluzea eta Xabier Loiola izan dira onenak, 36 txirlogaz. MX3T taldeko Lander Odiaga eta Mikel Urkia markina-xemeindarrak eta Asola Berri taldeko Bittor Ugarteburu eta Bittor Astigarraga bigarren eta hirugarren sailkatu dira, hurrenez hurren, 23 txirlogaz berdinduta.
Taldeetan onena Elgoibarko San Migel A izan da, 71 txirlogaz. Bertokoen artean Ziortza-Bolibarko Iruzubieta A eta Markina-Xemeingo MX3T A eta D taldeek, bosgarren, seigarren eta zazpigarren amaitu dute, 33, 31 eta 27 txirlo lortuta, hurrenez hurren.
Uhagonen, gainera, Bizkaiko eta Gipuzkoako bolari onenen sariak ere egon dira jokoan. Bizkaiko onena MX3T taldeko Antonio Ibarluzea markina-xemeindarra izan da 48 txirlogaz. Gipuzkoako onena San Migel taldeko Angel Ibarluzea elgoibartarra izan da, 57 txirlogaz.