Ane Murueta-Goiena Larrañaga: "Parkinsona uste baino konplexuagoa da"
Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko neuroendekapeneko ikertzaile klinikoa da Murueta-Goiena. 'Begiak garunari begira' hitzaldia eskainiko du azaroaren 26an Ondarroan.
Zer lotura du ikusmenak Parkinson gaixotasunagaz?
Begiko erretina nerbio sistemaren luzapen bat da. Urte askoan ikusi dugunaren arabera, Parkison gaixotasunak eragiten duen neuronen hilketa, erretinan ere detektatu daiteke.
Zelan neurtzen duzue?
Ikerketa proiektuan oftalmologian begiko patologiak neurtzeko erabiltzen den koherentzia optikoko tomografia (KOT) erabiltzen dugu. Batez ere, erretinako geruza desberdinen lodiera ezagutzeko aukera ematen digu. Aparatua oftalmologian oso integratuta badago ere, egun garrantzi gehiago du gaixotasun neurologiak detektatzeko orduan. Hori bai, ikertze prozesuan oso aurreratuta bagaude ere, neuroendekapeneko gaixotasunetan eduki dezakeen aplikazioa ikertzen jarraitzen dugu.
Erretinan, zehazki, zer begiratzen duzue?
KOT-ari esker erretinako sektore ezberdinen lodiera neurtzen joaten gara. Gure hipotesiaren arabera, erretinako atrofia leku zehatz baten ematen da; makularen erdi-erdian eragiten ditu aldaketak Parkinsonak.
“Proba erosoa da, eta abantailen artean, ez da batere mingarria”
Medikuntzari dagokionez, zer aurrerapen ditu metodoak?
KOTari esker diagnostikoa hobeto egin dezakegu, eta aldi berean, paziente horren pronostikoa zein den jakin dezakegu. Datu horiek arinago edukiz gero, tratamendua hobetu daiteke.
Parkinsonagaz gain, beste gaixotasun batzuk ere detektatu ahal dira?
Entsegu klinikoetan, besteak beste, Alzheimerra edo esklerosi anizkoitzerako erabilgarria da.
Proba egitea mingarria da?
Proba begiari argazkia ateratzea modukoa da. Oso azkarra da; bost minutu baino gutxiago behar ditugu begia eskaneatzen eta irudi horiek prozesatzen. Proba erosoa da, eta abantailen artean, ez da batere mingarria. Erresonantzia moduko probekin alderatuta, merkeagoa da, eta ez da hain inbaditzailea.
Begia, hortaz, neuroendekapeneko gaixotasunak detektatzeko bide berri bat izan daiteke?
Ikertzen ari garen datuak baieztatu behar ditugu orain. Ez bakarrik hemengo pazienteekin. Parkinsona duten beste herrialdeetako gaixoekin ere gauza bera gertatzen dela baieztatzen bada, begia neuroendekapeneko gaixotasunak aztertzeko bide berri bat izango litzateke.
“Ikusmen azterketa bat, ziurrenik, ez da izango nahikoa Parkinsona argi diagnostikatzeko, baina lagundu egingo luke”
Parkinsonaren lehen sintomak agertu aurretik gaixotasuna detektatzeko aukera zabaldu zaizue.
Gaur egun, gaixotasuna diagnostikatzen den unean, gutxienez, neuronen %50a galduta dago. Galdutako neuronak ezin dira berreskuratu, hori da txarrena. Tratamenduak, gaur egun, batez ere, gaixotasunaren faserik arinenetara daude bideratuta. Beraz, gaixotasuna zenbat eta arinago detektatu, aukera gehiago ditugu gaixotasunaren ibilbidea aldatzeko eta moteltzeko, baita pronostiko hobea edukitzeko ere. Neuroendekapeneko gaixotasunak, azkenean, oso gaixotasun konplexuak dira. Eta Parkinsona dutenek soilik mugikortasun zailtasunak dituztela pentsatu arren, beste hainbat arazo ere edukitzen dituzte.
Zein arazo?
Lotarako, kognizio, ikusmen eta usaimen arazoak, urdail-hesteetako hainbat sintoma… Parkinsona uste baino konplexuagoa da, gorputzeko sistema osoari eragiten dio. Zenbat eta hobeto ulertu gaixotasuna, eta zenbat eta informazio gehiago eduki, diagnostikoa hobetzeko aukera edukiko genuke. Ikusmen azterketa bat, ziurrenik, ez da izango nahikoa gaixotasuna argi diagnostikatzeko, baina lagundu egingo luke.