Gizaburuagaren sorreraren 500. urteurrenari buruzko hitzaldia dakarte Santa Katalina jaiek
Herri bazkaritan parte hartuko duen Iñaki Goiogana historialari lekeitiarrak Gizaburuagako sorrerari eta historiari buruzko hainbat xehetasunen berri emango die bertaratuei.
Gizaburuagatarrak prest daude herriko beste jai nagusietan murgiltzeko. Santa Katalina eguna astelehenean [azaroak 25] baldin bada ere, ahalik eta jende gehien batze aldera, bezperan egingo dituzte Santa Katalina jaietako ospakizunik garrantzitsuenak. Ohitura zaharrei eutsita, herriko ezagun artean batzeko eguna izango da domekakoa [azaroak 24]. Urtero modura, mahaiaren bueltan batuko dira herritarrak, eta aurten Gizaburuaga sortu zela bosgarren mendeurrena dela kontua hartuta, data hori gogoratzeko udalerriaren historia laburbiltzen duen hitzaldi berezia izango dute bazkalostean.
Hain zuzen ere, 1519. urtean eratu zen elizate burujabe modura Gizaburuaga. Udalerria ordura arte Lekeitiogaz lotuta zegoen, baina Leon X.a aita santuaren bulda batek independentzia eman zien Amorotoko eta Gizaburuagako parrokiei. Amaia Zabala Gizaburuagako alkateak aurreratu duenez, bazkaritan parte hartuko duen Iñaki Goiogana historialari lekeitiarrak Gizaburuagako sorrerari eta historiari buruzko hainbat xehetasunen berri emango die bertaratuei. “Hitzaldia emateko egunik aproposeman domekakoa dela iruditu zaigu. Herritar askok hutsik egiten ez duten eguna izaten da, eta ospakizuna aprobetxatuta, urteurren bereziari kolorea emateko hitzaldia antolatzea erabaki dugu”.
Alkateak adierazi duenez, ia 60 lagun (10 ume eta 49 nagusi) batuko dira Herriko Tabernan egingo duten bazkaritan. Urtero modura, lehenengo umeen txanda izango da, eta ostean, nagusiak jarriko dira mahaiaren bueltan. Bazkalosteko orduak udal aretoan egingo den ludotekan jolasean igarok dituzte txikienek. Helduek ere entretenitzeko aukera edukiko dute; bingoan lauzpabost txanda jokatuko dituzte hitzaldiaren atzetik.
Bazkariagaz gain, beste hainbat ekimen ere prestatu dituzte Olazar kultur elkarteko kideek. Goizetik hasita, beti-betiko ohiturei eutsiko diete aurtengoan ere. Urtero modura, mezagaz hasiko dituzte ospakizunak, eta ostean, gaztetxoentzat ezinbestekoa bihurtu den Barraskilo lasterketa egingo dute frontoian. Frontoiko lurrean propio margotutako ibilbidea azkarren burutzen duen barraskilorik arinenak irabaziko du lasterketa. Parte hartzaile guztientzat opariak egongo direla iragarri dute.
EGITARAUA
Azaroak 24, domeka. Santa Katalina bezpera
- 11:00. Meza, Santa Katalina elizan.
- 12:00. Barraskilo lasterketa, frontoian.
- 14:00. Umeen herri bazkaria, herriko tabernan.
- 15:00-19:00. Umeentzako josalak, ludotekan.
- 15:00. Helduen herri bazkaria, herriko tabernan.
- Ostean. Gizaburuagaren 500. urteurrenari buruzko hitzaldia.
- Amaitzeko. Bingoa.
Azaroak 25, astelehena. Santa Katalina eguna
- 11:30. Meza, Santa Katalina elizan.