Romper Barreras lehiaketako sari nagusia eskuratu du Aitor Antxustegi mutrikuarrak
Saria abenduaren 12an jasoko du Bartzelonako (Herrialde Katalanako) Abat Oliba unibertsitatean egingo den gala nagusian. Antxustegiren hurrekoek pozik jaso dute berria.
Romper Barreras Fundazioak antolatutako 8. Romper Barreras lehiaketa irabazi du Aitor Antxustegi mutrikuarrak, bakarkako kategorian. Antxustegitarrek bidalitako bideoak boto kopuruan bigarren amaitu bazuen ere, epaimahaiak sari nagusia merezi duela ebatzi du. “Sariren bat jasotzeko ilusio handia genuen, eta lortu dugu. Ordenagailu eramangarri bat irabazi dugu, eta baita 3.000 euro ere. Sariari esker, komunikadore berria edukiko du Aitorrek”, azaldu du Almike San Millan, Aitor Antxustegiren amak.
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 12an egingo dute, Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Abat Oliba unibertsitatean. Sari modura, galara joateko bidaia ere egokitu zaie. Romper Barreras fundazioko arduradunek martitzenean [azaroak 19] jakinarazi zieten lehiaketa irabazi dutela. “Berez epaimahaiak azaroaren 14rako eman behar zuen erabakia, baina arazo teknikoak tarteko, beranduago eman digute horren berri”.
Sari nagusia jasotzeak asko poztu ditu Antxustegiren hurrekoak, eta berau lortzeko orduan herritarrek eman dituzten botoak berebizikoak izan direla nabarmendu dute. “Herritarren inplikazioa garrantzitsua izan da. Ezinezkoa litzateke, zuek denok emandako bultzada, babes eta bozka gabe lortzea”.
Diru saria Antxustegik egunerokoan komunikatzeko erabiltzeko duen komunikadore berrian inbertituko dutela iragarri du haren amak. “Aitorrek komunikatzeko bi gailu erabiltzen ditu. Bat etxerako eta lan egiteko, eta, bestea, aldean eramateko askoz arinagoa den Ipad tableta bat. Sarian jasoko dugun ordenagailu eramangarria etxerako eta ikasteko erabiliko dugu, eta 3.000 euro horiekin Ipad berri bat eta horrentzako lizentzia erosiko ditugu, besteak beste. Sariari esker, player-a alde batera utzi, eta aurrera egiteko beste aukera bat izango du Aitorrek”.