Euskal Herrian Euskaraz, 40 urte hizkuntza eskubideen alde
1979. urtean sortu zen Euskal Herrian Euskaraz, eta hausnarketa prozesuan da orain taldea. Garai berrietara egokitzea asmo, herri euskalduna eta burujabea du helburu, behin hori lortuta desagertu ahal izateko.
Heldutasunera heldu da. 40 urte. Baina kasu honetan urteak betetzea ez da seinale ona. Lau hamarkada joan dira 1979. urtean Euskal Herrian Euskaraz (EHE) sortu zenetik. Sorreratik ez, baina 35 urte inguru daramatza Pernan Basterretxea gernikarrak taldean. 80ko hamarkadaren hasieran bai Euskal Herria, bai Busturialdea zein Gernika-Lumo bera ere oso erdaldunak zirela gogoan du. «Euskarari ez zitzaion lehentasunik ematen, ez kalean ezta instituzioetan ere. Udalean legez onartuta zeuden arau asko ez ziren betetzen», dio.
Euskalgintzan eragin behar zela ikusi zuen EHEk, eta irabaztea posible ikusi zituzten zenbait borrokari eutsi zion taldeak. Hala, herritarrak kontzientziatzeko lana egin zuten, eta sinadura bilketa egin ostean, herrian Euskara batzordea sortu zuten. «Gaur egun lanean darrai batzorde horrek», azpimarratu du Basterretxeak. Euskalgintzako bilgunea ere sortu zuten, komuneko borroka eta kezkei aurre egiteko. Dena den, kanpainarik entzunena justizia euskalduntzeko burututakoa izan zen. «Ohartu ginen Busturialdea, Lea-Artibai eta Mungialdeko herritarrei dagokien epaitegia erdalduna zela. Epaileak erdaldunak ziren, eta arreta ere gazteleraz zen. Hori dela eta, Lea-Artibaiko EHErekin bat egin genuen, zapalkuntza horri aure egiteko», azaldu du Basterretxeak. Eta egindako lanak bere emaitza eman zuen. «Lortu dugu epaile bat gutxienez euskalduna izatea, eta arreta euskaraz izatea». Horretarako, herritar eta eragile askoren babesa izan zutela argitu du. Dioenez, EHEren lanak euskaltzale asko aktibatu ditu, «eta ikusi dugu euskararekiko konpromisoa egon badagoela Busturialdean».
Egoera hobetu den arren, euskararen aldeko konpromisoa beharrezkoa da oraindik orain. Bermeoko taldea desegin da, eta gauza bera gertatu da Lea-Artibaiko taldeekin ere.
Kontzientzia zabaldu. Lekeitioko EHEko kidea izan da Oibar Egia urte askoan. Eskualde horretan EHE sortu zenean ezinezkoa zen bizimodua %100ean euskaraz egitea. Taldea desegin den arren, gaur egun egoera berdintsua dela onartu du Egiak; hau da, oraindik ere ez dela posible egunerokoan %100 euskaraz bizitzea.
1999-2000 urteen bueltan sortu zen Lekeitioko EHE, euskarari zegokionez herrian hutsuneak bazeudelako. «Gogoan dut, esate baterako, Lanbide Heziketan moduluak gazteleraz ematen zirela», eta euskaraz ikasi ahal izatea bermatzeko lanketa egin zuten. Gernika-Lumoko epaitegia euskalduntzeko egindako lana ere presente du Egiak, eta lehenengo Hizkuntza Eskubideen Eguna ere Gernika-Lumon egin zutela esan du.
Lekeition bertan ere euskararen aldeko kontzientzia zabaltzeko lana egin zuen EHEk. «Udalak ateratzen zituen bandoak gazteleaz eta euskaraz idazteko eskatu genuen, eta denda zein komertzioetako errotuluak euskaraz jartzeko ahalegina egin». Egiak esan duenez, eskatutakoa lortu ere egin zuten.
Eskubideak landu. Osasungintza izan zen EHEren beste kezka bat. Mediku espezialistak eta ordezkoak euskaldunak izan zitezen borrokatu zuten. «Egindako lanketak bere emaitzak eman ditu, eta momentu batean eztabaida kalean egon zen. Esan daiteke hizkuntza eskubideen aldeko mezua zabaldu izana eta jendeak kontzientzia hartu izana badela EHEren lorpen bat, hein handi batean».
Urte guzti hauetan hizkuntza eskubideak maila ideologiko batean landu ditu EHEk, eta bere lanak euskaltzale asko aktibatu dituela diote taldeko militanteek. Hala ere, jendea lasaitu egin dela dio Basterretxeak, borroka irabazita dagoelakoan: «Sentsazio hori edukitzea garrantzitsua da, baina euskarak oraindik erasoak ditu». Hori dela eta, arriskutsua ere badela dio, «irabazitakoa galdu daitekeelako». Euskara ofiziala den arren, zenbait lekutan ez da betetzen. «Horregatik, EHEren diskurtsoa da euskaldunak eta burujabeak izan behar dugula, gure legeen jabe, frantsesak, espainolak edo txinatarrak diren modura».
Lau hamarkada dira Euskal Herrian Euskaraz sortu zela, eta bere helburua desagertzea dela esan du Basterretxeak. Hori, baina, kasu bakarrean emango da: helburuak betetzen direnean. Gaur egun hausnarketa prozesuan da EHE, aurerra begira nola eragin asmatzeko. Izan ere, desaktibazioa eman da militantziarekiko. Horren arrazoietako bat gizarte eta belaunaldi berrien ikuspegi aldaketak izan daitezkela dio Basterretxeak. Mestizajeak ere eragina izan dezake, kanpoko hizkuntza bat sartzerakoan euskara albo batera uzten duelako. «Kontzientzia falta dago. Aurrerapausoak eman diren arren, erabileran atzera egin dugu, Bermeon, kasurako», gogoratu du. Hizkuntza gutxituek galtzeko arriskua dute, Basterretxearen esanetan, «eta legeek ez dute hizkuntza egiten».