Euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egitea du asmo Euskaraldiak
15 egun hartuko ditu 2020an Euskaraldiak, eta erabilera gune gehiagotara heltzeko berritasunak dakartza.
2020. urtean egingo da Euskaraldia berriro, eta azaroaren 20an egin zuten aurkezpena Donostian, Euskaraldiaren bigarren edizioa hasteko urtebete falta zen egunean. Hamabost egun hartuko ditu Euskaraldiak hurrengo urtean, azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Egun horietan, hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa egingo dute Euskal Herri osoko ahobizi eta belarriprestek.
Hain zuzen ere, «gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan» aritzeko asmoa dakar hurrengo Euskaraldiak eta, horretarako, berritasunak dakartza Euskaraldiak 2020rako: heritarren ariketaz gain, taldeetan ere hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera izango dute era guztietako entitateetako kideek.
Euskaraldian garrantzia berezia hartuko duen kontzeptu berri bat sortu dute: arigunea. Horiek, euskaraz aritu ahal izateko babesguneak izango dira; hau da, ariketa sozialean taldean jarduteko aukera emango duten espazioak. Mota guztietako entitateek sortuko dituzte arigune horiek, eta gura duenak dagoeneko badu Euskaraldian izena emateko eta martxan jarriko duten arigunearen berri emateko aukera.
Portaeran dago gakoa. 2018. urtean egin zen lehenengoz Euskaraldia, eta ibilbide luzeko ekimena izateko jaio zela esan dute sustatzaileek. Hala, edizioz edizio, urrats berriak eman nahi dituzte.
Iazko dinamika zabaltzea dute helburu Euskaraldiaren sustatzaileek, eta taldekako ariketak proposatu dituzte 2020rako. Hala, entitateetan sortuko diren ariguneak baliatuta, lantokietan, enpresetan, administrazio publikoan, kultur zein kirol taldeetan… inertziak apurtu eta hizkuntza ohitura berriak lantzeko aukera izango dute ahobizi eta belarriprestek.
Berritasunak berritasun, ahobiziak eta belarriprestak Euskaraldiaren protagonista izaten jarraituko dute, eta aurkezpenean azpimarratu zutenez, «portaeran dago gakoa, ez euskaraz hitz egiteko gaitasunean».