Irudi berriztuagaz dator Durangoko Azoka
Lea-Artibai eta Mutrikuko bederatzi sortzailek lan berriak aurkeztuko dituzte abenduaren 5etik 8ra bitartean egingo duten 54. Durangoko Azokan.
Ate joka dator 54. Durangoko Azoka. Datorren eguenean [abenduak 5] zabalduko ditu ateak, eta lau egunez, 200 kultur ekitaldi baino gehiago egongo dira azokako zazpi guneetan. Euskal sortzaileen azken 405 berritasunez betetako 264 erakusmahai ipiniko dituzte Landakon. Tartean, Lea-Artibai eta Mutrikuko bederatzi sortzaileren lan berriak egongo dira aukeran.
Eguneratzeko ahaleginetan, aurpegi berria edukiko du azokak. Erakusmahaiak aurten itxuraldatuta datozela jakitera eman dute antolatzaileek. 30 urteren ostean, Landakoko guneko irudia aldatuko duten erakusmahaiak berriztu dituzte; egurrezkoak izango dira aurrerantzean, eta gaur eguneko tendentzietara egokitzeaz gain, errazago identifikatu ahal izango dira.
Irudia aldatuta ezeze, oparo ere badator azoka. Ahotsenean sortzaileen plaza bihurtuko da beste urte batez. Abenduaren 5etik 8ra, publiko guztientzako eskaintza egongo da, gazte, heldu eta nagusientzat. Aurreko urteetan modura, ibilbide luzeko musikari eta idazleek agertokia partekatuko dute euren ibilbidea hasi berri duten musika taldeekin, bakarlariekin eta idazleekin. Euskal Herri osoko 111 talde, bakarlari eta idazle batuko dira, zuzenekoen karpan eta solasaldien gunean.
Guneak 49 disko aurkezpen eta 62 solasaldi emango ditu guztira. Bertokoen artean, Keu Agirretxea bakarlari ondarrutarraren, Nabil lekeitiarren eta Saia Goait mutrikuarraren lan berriak zuzenean entzuteko aukera egongo da. Yolanda Arrieta idazle etxebarritarrak, Miren Agur Meabe lekeitiarrak, Txakur Gorriak eta Kirmen Uribe ondarrutarrak azken lanei buruzko azalpenak emango dituzte.
Irudienean, ikus-entzunezkoen gunean, mundu digitalarekin lotutako hainbat proiektu aurkeztuko dituzte. Tartean, memoria historikoa lantzen duten dokumentalek eta fikziozko lanek ere pisu berezia edukiko dute; oso presente egongo dira Irudienean. Adibidez, Frankismo sasoian Zamorako espetxean preso egon ziren apaizei omenaldi xumea egingo diete abenduaren 7an. Apaiz-kartzelan egondako apaizen istorioa kontatu eta lekukotzak jasotzen dituen Apaiz-Kartzela dokumentalaren lehen irudiak proiektatuko dituzte 12:30etik aurrera. “Emanaldia work in progress izango da, hau da, filmaren irudiak ikusi ahal izango dira, baina ez da behin-betiko bertsioa izango”.
Oier Aranzabal, David Pallares eta Ritxi Lizartza dokumentalaren zuzendariekin batera, aurkezpenean Lea-Artibaiko hainbat herritan apaiz egon zen Xabier Amurizak, Gautegiz Arteagako Josu Naberanek eta Ondarroan egonaldi luzeak egiten dituen Juan Mari Zulaikak parte hartuko dute. Preso egondako beste hainbat apaiz ere bertaratuko dira, omenaldia jasotzeko.
Hona hemen bertoko sortzaileak Azokan noiz egongo diren: EGUNEZ EGUN