Giro jatorrean ospatu dute berriatuarrek Erroak Loran jaia
270 bat lagun batu dira mahaiaren bueltan giro ezinhobean. Goikolau Kultur Elkarteko kideak pozik agertu dira jaiak izan duen erantzun onagaz. Azpimarratu dutenez, jaia aurten ere arrakastatsua izan da.
Eguraldi txarrari aurpegi ona ipinita herriko jairik kuttunena eta herrikoiena ospatu dute gaur [azaroak 30] seigarrenez berriatuarrek: Erroak Loran. Goikolau Kultur Elkarteak bultzatutako jai egunak herritar nortasuna festa giroan aldarrikatzea du helburu, eta gaur ere helburu horri eutsita murgildu dira ospakizunetan.
Urtero modura, herritarrak Mendibarren frontoian egin duten bazkari erraldoian batu dira. Antolatzaileek eman dituzten datuen arabera, 270 bat lagun (200 heldu eta 70 ume) batu dira mahaiaren bueltan giro ezinhobean, fuksia koloreko zapiak jantzita. Auzolana du oinarrian jaiak, eta gaur ere ageri-agerian geratu da hori. Boluntarioek goizean goizetik prestatzen ibilitako eskualdeko produktuak dastatu dituzte. Helduek indar jana egin dute, sakramentu eta guzti; haurrek, bestalde, paella goxoa jan dute.
Bazkaltzen jarri aurretik ere, beste hainbat ekintzagaz gozatu ahal izan dute berriatuarrek. 13:30ak bueltan, frontoia jendez betetzen hasi da. Tarineko trikipand taldeko musikariak jotzen ari ziren bitartean, pilotalekuko harmailak gutxinaka jendez betetzen hasi dira. Tarinekoek, berez, kalejira egin behar zuten Sarats dantza taldekoekin, baina eguraldi txarra tarteko, kalejira motzagoa egin behar izan dute. Kalejiran jo beharreko piezak frontoi barruan jo dituzte.
Tarinekoen lekukoa Sarats Dantza Taldekoek hartu dute. Agintariarena eta Kontrapasa aurreskua dantzatu dituzte lehendabizi. Txikienen txanda izan da ostean, Esku dantza eta Txulalai dantzatu dituzte bertaratu direnen txalo zaparrada artean. Jarraian Zinta dantza dantzatu dute neska gazteek, eta azkenik, Lekeition udako solstizioagaz bat eginda dantzatzen den Eguzki dantza dantzatu dute. Txaloz eskertu dute haien lana harmailetan zeudenek.
Sarats Dantza Taldeko kideek Berriatuan estreinako dantzatu dute Eguzki dantza, eta nabarmendu dutenez, pozik geratu dira. “Aurten omenduak gu izan garenez, zer edo zer berezia plazaratu nahi izan dugu. Goikolau Sarien baitan mutilek Soka dantza egin zutenez, Erroak Loran egunean nesken aurreskua egitea erabaki genuen”, azaldu du Antigua Ibazeta Goitiz dantza taldeko arduradunak.
Zapi fuksiak jantzi, eta jendaurrean ikuskizuna eskaintzen hurrengoak Berriatuko Eliz Abesbatzako kideak izan dira. azkaltzen jarri aurretik, Berriatuko eliz abesbatzak hainbat kantu eskaini ditu frontoi barruan. Akordeoia lagun, Berritxuri ereserkia interpretatu dute lehendabizi. Eta herriko kantuaren atzetik, Itziarren semea, Benito Lertxundiren Zenbat gera? eta Itoizen Lau teilatu etorri dira. Herritarren artean banatu diren kantapaperei esker, herritarrek ere abestu dituzte kantuak.
Goikolau Kultur Elkarteko kideak pozik agertu dira jaiak izan duen erantzun onagaz. Azpimarratu dutenez, jaia aurten ere arrakastatsua izan da. “Gero eta politagoa doa egun hau. Lehenengo urtean jaiak arrakasta handia eduki zuen, eta orduz geroztik, urtero jarraitu du jende asko batzen. Jendeak, uste dut, egutegian ondo azpimarratuta edukitzen duen eguna dela, eta hori oso pozgarria da guretzat”, azaldu du Joseba Goienola Goikolau Kultur Elkarteko kideak.
Atzo [azaroak 29] iluntzean Mendibarren frontoian banatu ziren Goikolau Sarien ekitaldia ere oso arrakastatsua eta hunkigarria izan zela gaineratu du Goienolak. “Frontoian jendetza batu zen”. Sarats Dantza Taldea eraberritu zenetik hamar urte daramate plazarik plaza, eta eurak izan ziren atzoko saritu eta protagonistak.
Ekitaldia Sarats Dantza Taldearen ibilbidea laburbiltzen duen Sarats plazan ikus-entzunezkoagaz hasi zuten. Frontiseko horman proiektatu zuten dokumentala, eta bertaratu zirenek pozik geratu ziren. Ondoren, saria eman zieten herriko dantzariei. Horien guztien izenean Antigua Ibazeta Goitizek jaso zuen saria. Ekitaldia amaitzeko, taldeko mutilek Soka dantza dantzatu zuten.