Jose Maria Arizmendiarrietaren ibilbide aitzindaria goratu dute Markina-Xemeinen
Egunotan Jose Maria Arizmendiarrieta Madariaga hil zeneko 43. urteurrena bete da, eta horren harira herriko seme kuttunari omenaldia egin diote jaioterrian. Modu horretara, kooperatibismoaren inspiratzailearen irudia goratu nahi izan dute.
Zapatuan [azaroak 30], besteak beste, asteon Markina-Xemeingo udaletxeko eskaileretan eskegi duten plaka inauguratu zuten. Plakaren lekualdatze inaugurazio ekitaldian Arizmendiarrietaren senideek, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko kideek eta udal ordezkariek parte hartu zuten.
Ekitaldi xumearen aurretik, bestalde, Arizmendiarrietaren balioen unibertsoa hitzaldia eskaini zuen Mikel Lezamizek udaletxeko osoko bilkura aretoan. Jasone Aretxabaleta kazetariak gidatu zuen hitzaldia, eta bertaratu zirenen artean Arizmendiarrietaren senideak eta eskualdeko kooperatibetan lanean jardundakoak egon ziren. Herriko filosofoaren pentsamenduez hausnartzeko aukera eduki zuten bertaratu ziren 25 bat lagunek.
Lezamizek ordubete inguru iraun zuen hitzaldi interesgarria eta zabala eskaini zuen. Arizmendiarrietaren pentsamenduari buruz luze jarduteko aukera eduki zuen. Markina-xemeindarrak jasotako eta idatzitako hainbat idatzi aztertu ditu Lezamizek, eta Arizmendiarrietaren idatzietatik atera eta bildutako gogoetak eta balioak partekatu zituen. Oro har, Arizmendiarrieta hurbilagotik ezagutzeko aukera eduki zuten bertaratuek.
Lezamizek azpimarratu zuenez, Arizmendiarrieta Mondragon Esperientzia Kooperatiboaren inspirazio iturria eta gidaria izan zen. Eta arlo horretan iraultzailea izan zela gaineratu zuen. “Arizmendiarrieta urrunago joan zen; boterea langileei eman nahi zien, eta ez kapitalismoari. Kapitalismo humanitariotik haratago iraultza egin zuen kooperatibismoa sortuz. Herriaren boterea nahi zuen”.
Arizmendiarrietaren fisolofia eta balio nagusiak pertsona, hezkuntza, elkarlana eta eraldaketa soziala direla azaldu zuen Lezamizek, baina horiez gain beste hainbat balioren berri ere eman zuen. Nabarmendu zutenez, Arizmendiarrietari buruz ikerketa egiteko eta hark utzitako material asko dago eskuragai Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartearen webgunean. “Gogoetak gunean, esaterako, idatzi zuen edozein balio aurkitu daiteke”.
Filosofo pragmatikoa ere izan zela esan zuen Lezamizek. “Filosofia oso irekia egin zuen, beti komunitatearen alde. Filoso oso pragmatikoa eta errealista zen”. Baita aktibista soziala ere. “Kultura bultzatu zuen eta berritzailea izan zen. Kulturatik eta hezkuntzatik hasita, pertsona hobeago bat egin nahi izan zuen”.
Arizmendiarrieta zena gogoratzeko beste hainbat ekitaldi ere egin dituzte egunotan. Barikuan [azaroak 29], esaterako, El milagro de Mondragon Arizmendiarrietari buruzko dokumentala proiektatu zuten Esperantza aretoan. Jende asko batu zen ekitaldian, eta bertaratu zirenek ikus-entzunezkoa oso interesgarria dela azaldu zuten.