Txus Jaio pilotuak irabazi du Sportech Kopako sari banaketaren baitako erronka
Pilotu markina-xemeindarrak segundo bateko aldeagatik irabazi dio Ivan Raña triatleta galiziarrari. Sportech Kopako irabazleak Iñaki Narbaiza eta Unai Etxeberria eibartarrak izan dira. Txapelaz gain, 2.000 euroko ordainsaria jaso dute.
Aurten estreinako lehiatu duten Sportech Koparen sariak banatu zituzten zapatuan [azaroak 30] Markina-Xemeingo Kareaga industrialdean. Sari banaketaren aurretik, baina, Kopan parte hartu duten zortzi taldeen artean Karting txapelketa lehiatu zuten. Tartean, gainera Txus Jaio pilotu markina-xemeindarrak eta Ivan Raña triatleta galiziarrak erronka bitxiari ekin zioten. Eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere, zale asko batu zela azaldu dute antolatzaileek. Denetara, 150 bat lagun.
Jaio eta Raña karting ibilgailuetan eta bizikletan elkarren aurka aritu ziren nor baino nor azkarrago, eta segundo bateko aldeagatik, markina-xemeindarra nagusitu zen. Lehendabizi kart gainean ibili ziren, eta handik zuzenean, bizikleta hartu zuten.”Jendeak gustura hartu zuen erronka. Momentu polita izan zen”. Jaio zein Raña oso pareko ibili ziren ibilbide guztian, baina azkenean, helmugan sartzen azkarrena pilotu markina-xemeindarra izan zen.
Ekintzen artean, gainera, solasaldia ere eskaini zuten Kopan parte hartu duten pilotuek. Horiekin batera, Txus Jaio eta Ivan Raña ere egon ziren. “40 bat minutuko berbaldi interesgarria eman zuten. Ondo egon zen. Denboraldia zelan joan den, eta bakoitzaren esperientzia kopan zelakoa izan den kontatu zuten, esaterako”.
Sari banaketari dagokionez, txapelketan lehen hiru postuetan sailkatu direnek jaso zuten saria. Asfalto zein lur gaineko zazpi probak osatu dute kopa, eta pilotu eta kopilotu denak Ford Fiesta Sort autoagaz lehiatu dira. Nafarroako zirkuituko lur gaineko rallya, Goilurrak rallya eta Rally Princesa de Asturias ezaguna ere irabazita, eta 270,65 puntu lortuta, Iñaki Narbaiza eta Unai Etxeberria eibartarrek jantzi dute txapela. 2.000 euroko ordainsaria ere jaso du bikote eibartarrak.
Igor Izagirre eta Angel Ruiz goierritarrak izan dira bigarren sailkatuak, 252,90 puntugaz. Gernika-Lumoko rallya eta Torres del Rioko rallya irabazi dituzte. Harkaitz Zubimendi azpeitiarra eta Iskander Kobeaga ereñarra izan dira hirugarren sailkatuak, 206,15 puntugaz. Kopan ez dute rallyrik irabazi, baina proba askotan podiumera igo dira.
Koparen antolatzaileek iragarri dutenez, datorren urteko txapelketara begira jarrita daude. Udaberrian emango diote hasiera txapelketari. “Lanean ari gara urtetik urtera hobetzen joateko”.