Zapore gozoagaz iritsi dira sanandresak Etxebarrira
Beste urte batez, frontoia izan da jaietako topaleku nagusia. Hotza eta euriari aurre eginda, Etxebarriko frontoia jai gosez etorri den jendeagaz bete da.
Afari merienda herrikoiagaz ospatu zuten zapatuan [azaroak 30] San Andres Eguna Etxebarrian. Hotza eta euria ez ziren aitzakia izan jaiekin gozatzeko. Urteroko ohiturari jarraituta, herriko frontoian elkartu ziren herritarrak eta kanpotik etorritakoak lagunarteko giroan jan-edanean. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, San Andres Eguna egun berezia eta kuttuna da herritarrentzat, lagunartean eta senitartekoekin ospatzekoa. “Kanpoan bizi diren herritarrek hutsik egiten ez duten eguna izaten da”.
Frontoiko hormaren parean ibili zen boluntario taldea jo eta su ibili zen afari gozoa prestatzeko lanean. Aurten, jaia eguna nagusia zapatua izanik, iaz baino janari gehiago prestatu zuten sukaldariek. “Gaur, gainera, jaia ohikoa baino gehiago luzatu da”. Dozenaka txistorra, odoloste eta urdaiazpiko prestatu zituzten bertaratu zirenen sabelak asetzeko. Eta gutizia horiek guztiak laguntzeko, taloak ere banatu zituzten. “45 kilo irin eta 55 kilo txistorra, odoloste eta urdaiazpiko prestatu ditugu”. Nahi izan zuenak, ogia ere eduki zuen aukeran. Menua borobiltzeko, gazta, irasagarra eta intxaurrak eduki zituzten aukeran heldu zein haurrek.
Eguna aprobetxatuta, gainera, ETX Kultur Elkarteko kideek gaztaren porra egin zuten, Zaporeak proiektuaren alde. “Batutako dirua Zaporeak proiektura bideratuko dugu”. Euro baten truke, gaztaren pisua igartzeko aukera eduki zuten bertaratuek. “Pisura gehien hurbiltzen denak irabaziko du gazta. Hori bai, pisua ezingo da inolaz ere gainditu”.
21:00etan egin zuten gaztaren pisaketa frontoian, eta gazta baskulan jarri ostean, 1,066 kilo markatu zuen. Pisura gehien hurbildu zena Etxebarrian bizi den Gorka Zenarrutzabeitia izan zen, 1,060 kiloko apustuagaz. ETX Kultur Elkarteko kideen eskutik pozik jaso zuen Larruz gaztandegiko gazta osoa.
Afari-merienda zapatuko ekintzarik jendetsuena izan bazen ere, jai egun handian beste hainbat ekintza egin zituzten. Ospakizunak mezagaz hasi zituzten, eta ostean, Rosa Mari Etxebaren eskutik, 50 bat ume buztinagaz jolasean ibili ziren.
Arratsaldea binakako briska txapelketagaz hasi zuten. Helduen kategorian hamabi bikotek parte hartu zuten; Antonio Guenagak eta Andres Gandiagak jantzi zuten txapela. Gaztetxoen kategorian hiru bikotek parte hartu zuten; irabazleak Sarai Larrinaga eta Alain Txurruka izan ziren. Iluntzean, berriz, ume eta gaztetxoek herri kirolak jolasen bidez ezagutzeko aukera eduki zuten, eta ondoren, San Andres lehiaketa sariak banatu zituzten frontoian. Parte hartzaileen marrazkiak frontoiko horman egon ziren eskegita.
Ospakizun nagusia zapatukoa izan bazen ere, jaiek domekan [abenduak 1] ere eduki zuten jarraipena; Euskara Eguna ospatu zuten jaien egitarauaren baitan. Eguerdian Bota Euskarari Gutuna lehiaketako sari banaketa egin zuten. Xeber Guenaga Loiola eta Nora Gomez Diaz izan dira irabazleak, heldu eta gaztetxo mailan, hurrenez hurren. Arratsaldea, mendi bizikleta gainean igaro zuten herriko gazteenek.