Erasmus Plus proiektuan parte hartzen ari den koordinatzaile taldea Mutrikun dago egunotan
Finlandiatik, Greziatik, Belgikatik eta Italiatik etorri diren zortzi koordinatzaileei harrera egin diete Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolan. Hurrengo egunak proiektua garatzen ezeze, Euskal Herria hobeto ezagutzen emango dituzte.
Mutrikuko Goizeko Izarra ikastola Erasmus Plus proiektuan parte hartzen ari da estreinako. Atzo [abenduak 2], proiektu berean parte hartzen ari diren Finlandia, Grezia, Belgika eta Italiako zortzi koordinatzaileei harrera xume bezain beroa egin zieten ikastolako ikasle, irakasle, ordezkariek eta Mutrikuko alkateak, ikastolako jolastokian.
Ordezkari taldea jolastokian sartu orduko Aurreskua dantzatu zieten, eta ondoren, LH 5 eta 6ko ikasleek bertsotan prestatutako kantua abestu zieten. Azken asteotan Haizea gaia lantzen ibili dira ikastolan, eta gai horrekin lotuta ikasi duten kantua dantzatu zieten haur hezkuntzako txikienek.
Hiru eguneko egonaldia egingo du Mutrikun atzerritik etorritako koordinatzaile taldeak, eta tarte horretan ingurumenari buruzko Erasmus+ KA201 Project-Global Environmental Awareness and Responsibility (GEAR) deritzon proiektuan gehiago sakontzeko aukera edukiko dute Goizeko Izarra ikastolako koordinatzaileekin batera. “Denetara sei herrialdetako ikastetxeen artean gauzatuko dugu proiektua. Gaur, berez, Turkiako taldea ere hemen egon behar zen. Hegaldiekin hainbat arazo izan dituzte, eta gogo handia bazuten ere, ezingo dira hurrengo egunotan hemen egon”, azaldu du Nerea Arrizabalaga zentroko zuzendariak.
Proiektua garatzeko denbora ezeze, Mutriku, eskualdea eta Euskal Herria hurbilagotik ezagutzeko baliatuko dituzte hurrengo egunak bisitariek. “Proiektuan sakontzeko edukiko dugun aukeraz gain, bisita gure eskualdea, eta, oro har, Euskal Herria ezagutzera emateko aprobetxatuko dugu”.Atzo, besteak beste, Ondarroako portua bisitatu zuten eta herria ezagutu ondoren, Mutrikura buelta egin zuten. “Moilako Arkugain elkarte gastronomikoan bertoko produktuekin osatutako afaria egingo dugu”. Gaur [abenduak 3], berriz, Mutrikuko olatu planta eta Arrietakua jauregia bisitatuko dituzte. Bihar [abenduak 4], Bilbo bisitatuko dute.
Mutrikun egiten ari direna bigarren topaketa da. Lehen bilera Grezian egin zuten irailaren bukaeran. Hori bai, herriz herri egiten dituzten elkartrukeez gain, harreman sare sendoa dute sei ikastetxeek. “Egunerokoa da gure harremena. Orrialde bat sortuta dugu Interneten, eta bakoitzak egiten dituen lanak bertara igotzen ditugu”.
Arrizabalagak azaldu duenez, hizkuntza komuna ingelesa delarik gauzatu beharko dute ingurumenari buruzko proiektua hurrengo bi urteetan. Proiektuaren baitan, ingurunearekin lotutako lau gai landuko dituzte sei ikastetxeetan. Haizea gaiarekin hasi dira, eta ondorengo hilabeteotan, lurra, eguzkia eta ura gaiak ere landuko dituzte.
Ikastolak estreinako parte hartu du Erasmus Plus egitasmoan, eta zuzendariak azpimarratu duenez, oso pozik daude. “Guretzat albiste oso pozgarria izan da horrelako elkarlanerako proiektu batean parte hartzea. Oso positiboa eta aberasgarria da Europa mailako elkarlanerako proiektu batean parte hartzea. Aldi berean, hezkuntza sistema ezberdinak ezagutzeko aukera ere ematen digu egitasmoak”. Gaineratu duenez, Erasmus Plus moduko proiektu batean parte hartzea erronka handia izan da ikastolarentzat. “Ilusio handiarekin gaude”.
Proiektuan ikastetxe guztiak era batera edo bestera parte hartuko baldin badu ere, iraskale koordinatzaileen arteko proiektua dela gogorarazi du ikastolako arduradunak. “Irakasle koordinatzaileak arduratuko dira proiektuaz. Horiek hartuko dute proiektuaren ardura bere gain, nahiz eta lana ikastetxe osoa egiten ari den”.