Euskararen aldeko danbor hotsak hartu ditu Ondarroako kaleak
Dozenaka ondarrutarrek euskaraz bizitzeko konpromisoa erakutsi dute beste behin ere kalerik kale, Euskararen Egunean egindako danborradan. Egunak beste hainbat ekintza ere ekarri ditu.
Euskararen Nazioarteko Egunean, beste behin ere, danborrak gerritik lotuta atera dira ondarrutarrak kalera. Euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzeko danborrada jendetsua egin dute aurten ere, Zaldupe eskola publikoak eta Hondar Ahua guraso elkarteak antolatuta.
Euskarak batzen gaituelako, horrela zioen danborradaren buruan eraman duten pankartaren leloak. Eta horixe izan da kalerik kale egindako ekintzez bitartez gaur erakutsi nahi izan dutena. 17:30ean abiatu da danborrada Zaldupetik. Ume zein nagusiek mahonezko arrantzale arropak soinean irten dute kalera; euskaraz bizitzeko konpromisoa erakutsi dute, makilak gogotsu astinduz eta herriko hainbat txoko dardararaziz.
Kalez kale ibili ondoren, Itsasaurren bat egin dute guztiek. Hainbat kantu jo eta abestu dituzte, baina horietan guztietan bereziena Guk euskaraz, zuk zergatik ez izan da. Danborra jotzen batu diren herritarrek ilusioz eta gogo handiz bizi izan duten momentu berezia izan da. Euren bueltan batu direnen aurpegietan berriz, emozioa eta poza izan dira nagusi.
Baina, Euskararen Egunagaz bat eginda, beste hainbat ekintza ere egin dituzte Ondarroan. Goizean, esaterako, Zubi Zahar herri ikastolako ikasleek Argitxo zuekin kalejira ere egin dute, Argitxo iratxoa lagun. Hainbat geldialdi egin dituzte herrian zehar euskararen erabilera aldarrikatzeko kantak ozen abestuz.
Azken urteetan egin legez, gainera, aurten ere Euskara Egunaren harira bideoa argitaratu du Ondarroako Udaleko Euskara Batzordeak. Aurtengoan, herritik kanpora joan eta euskara beraiekin eraman duten ondarrutarrak dira protagonista.