Ongietorri beroa jaso dute Ondarroara bizitzera etorri direnek
Ongi etorri saioaren helburua elkar ezagutuz elkarbizitza sustatzea, harreman sare berriak sortzea, herriaren zerbitzuak erakustea, kulturartekotasuna bultzatzea eta herriko egunerokoan parte hartzeko gonbidapena luzatzea ziren.
Ondarroako Udalaren Ongi Etorri protokoloaren baitan, aurten herrira bizitzera etorri diren biztanle berriei ongietorri beroa eman zieten domekan [abenduak 1] Etxelilan egindako ekitaldi xume bezain berezian. Pedro Lasarte Iparragirre Aniztasun zinegotziak eman zien ongi etorria guztiei. “Ongi etorriak zarete gurean. Gure herria ezin dezakegu ulertu etorkinik barik. Eskerrik asko gure herriari urteetan emandako guztiarengatik”.
Besteak beste, Senegal, Maroko edo Uruguaytik etorritako herritarrak egon ziren ekitaldian, udal ordezkariekin eta herriko beste zenbait talde eta elkarteetako gonbidaturekin batera (Gaztelekuko begiraleak, Andrabanda, AEK, UEMA…). Guztiek bat egin zuten Ondarroan inor ez dela kanpotar esaterakoan eta gurean guztiak direla ongi etorriak.
Ongietorria emateaz gain, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak aurkeztu zizkieten etorri berriei. Lasartek gogorarazi zuenez, Aniztasun Batzordeko ateak irekita dituzte. “Batzorde hori baliatu nahi dugu zuek entzuteko, zuen arazoetaz jabetzeko (zerbitzuak, etxebizitza, alokairuak, hezkuntza…) eta denon artean aurrera egiteko. Udala prest dago laguntza emateko zuei guztioi”.
Herriko errealitatea gertuagotik ezagutzeko aukera eduki zuten etorri berriek. Txomin L. Aramaio Ondarroako AEK euskaltegiko irakasleak, esaterako, udalak euskaltegian antolatutako euskara ikastaroetara joateko gonbidapena luzatu zien bertaratuei. Eguenean [abenduak 5] egingo dute ikastaroaren aurkezpena AEK euskaltegian (Kofradia Zaharra). Hitzordua 17:30ean ipini dute. Era berean, hainbat hizkuntza hartzen dituen eskuko hiztegia ere banatu zien udalak bertaratuei.
Ondarroara etorri direnen testigantzak entzuteko aukera ere egon zen. Etorri berriek euren bizi esperientziak kontatu zizkieten bertaratuei, lekualdatze prozesua zer nolakoa izan zen azaltzeko eta bidean zein iristerakoan aurkitutako zailtasunen berri emateko.
Aurten etorritako herritarren erradiografia aurkeztu zuten ostean. Datuak kontutan hartuta, 2019ko maiatzetik azarora bitartean, 115 dira Ondarroara bizitzera etorri direnak. Hortik %52,2 gizonezkoak dira eta %47,8 emakumezkoak. “Adin tarteetan xehatuz gero, orokorrean, sexu-parekotasun hori ez da desagertzen”. Adinari dagokioinez, gehienek 30 urte baino gutxiago dituzte (%57,4); 18-29 adin tartea da presentziarik nagusiena duena (%31,3). 65 urte edo gehiago dituztenak, ostera, %1,7a dira. Ekitaldia Mikel Laboaren doinuekin eskutik helduta dantza eginez amaitu zuten. Soka dantza egin zuten udal ordezkariek eta herritarrek etorri berriekin batera.