Hasiera ezin hobea eduki du Abendurockek
Beste behin ere, musikaz bete-bete eginda hasi da Mutrikuko Abendurock. Jaialdiaren 15. urteurreneko baitan lehen asteburuak emandakoarekin oso pozik agertu dira Mutrikuko Rock Kolektiboko kideak. "Ondo joan da, ederto. Erantzun polita eduki du lehen asteburuak; jende nahikoa batu gara".

Gaztetxeko oholtza zapaltzen lehenengoa Eraso! taldea izan zen. Barikuan [abenduak 6] ordu eta erdi inguruko zuzeneko indartsua eta bikaina eskaini zuten zarauztarrek. “Hasieran jende gutxi batu ginen, baina kontzertua hasi eta gutxira ia Gaztetxe osoa bete zen”. Taldeak lehen diskoa argitaratu zuenetik 20 urte bete dira, eta horren harira, bira berezia egiten ari dira. “Erantzunik gabe lehenengo diskoa osorik jo zuten, eta ostean, beste hainbat kantu ezagun ere jo zituzten. Giro oso polita egon zen”.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, zaleak zein taldea bera ere oso gustura geratu ziren. Zaleak kantu gosez joan ziren kontzertura, eta publikoaren gozamenerako bi aldiz eskaini zituzten bisak. “Beste bat, beste bat eskatu genien, eta ondo portatu ziren. Hiruzpalau kantu jo zituzten, eta amaitu zutelakoan, beste kantu bat eskatu genien. Inork espero gabe beste bi jo zituzten”.
Domekan [abenduak 8], berriz, Bohemian Rhapsody filmaren proiekzioa eskaini zuten Zabiel kultur etxean. Filma proiekzioan ere nahikoa jende batu zela gaineratu dute. “30 bat lagun batu ziren”. Baina Mutrikuko Rock Kolektiboko kideek antolatu duten jaialdia ez du etenik. Asteburua ere indartsu dator.