Txotxongiloen bidez ametsen munduan murgiltzeko gonbitea dakar Corrado Masaccik Ondarroara
Hainbat herritan egon eta gero, Ondarroan bizi den Corrado Masacci artista italiarraren 'Txotxongiloen ametsak' erakusketak geldialdia egin du Ondarroan. Erakusketa urtarrilaren 6ra arte zabalik dago Kofradia Zaharreko lehen eta bigarren solairuetan.

Bertaratzen direnek Masaccik irudimena airean ipinita gorpuztu dituen 40 bat harizko txotxongilo hurbiletik ikusteko aukera edukiko dute, beti ere artistaren eskutik jasotako azalpenei esker. Txotxongilo munduan ibilbide luze bat du atzean Masaccik. Esperientzia handiko sortzailea da, eta agertu duenez, Ondarroan bere obrez osaturiko erakusketa bat aurkezten duen laugarren aldia da. 40 urte daramatza txotxongilo artean imajinatzen dituen irudiei gorputza eta bizia ematen, eta azken erakusketagaz urteurren borobila era berezian ospatu nahi izan duela azpimarratu nahi izan du.
Ikusgai dauden txotxongiloek hamaika modutara irudikatutako estetika erakusten dute. Aintzinako pertsonaia mitologikoek, ipuin fantastikoetako pertsonaiek, irudiek, denborak eta ametsek gorputz itxura hartuko dute txotxongiloen bitartez. Pertsonaia bakoitzagaz emozio zehatz bat islatu nahi izan duela azaldu du italiarrak, eta horien bitartez, ametsen espazioan dzanga egitera gonbidatu nahi ditu bisitariak. “Bertaratzen direnak mito, arte eta onirikoaren mundu magikoan murgildu nahi izan ditut”. Gaineratu duenez, artista ameslari guztiak omendu nahi ditu erakusketagaz.

Corrado Masacci bat-bateko erakusketa bat egiten umeei
Artista italiarrak paper pastagaz eta egurraz egiten dituen txotxongiloen mugimenduari esker asko daki esaten eta komunikatzen; sentimenduak ukigarri eta ikusgarri bihurtzen ditu eskuko mugimendu bikainen bitartez. “Txotxongilo bakoitzak zer edo zer berezia komunikatu nahi du”. Ikuslearen arreta erraz bereganatzen du surrealismoz eta bizitzari buruzko metaforez jantzitako irudiekin. Erakusketara bertaratzen direnak aho-zabalik lagatzen ditu bat-bateko ikuskizun txikiekin. Batez ere, umeak zur eta lur geratzen dira zintzilik dauden txotxongiloak paseatzera ateratzen dituen bakoitzean.
Lehen solairuko txotxongiloen artean, esaterako, hegal batean dagoen Rene Magritte margolari surrealistari egindako omenaldiak bertaratzen diren askoren arreta bereganatzen du. “Oso berezia da. Ate bat irekitzen baduzu gizon ikustezina agertzen da, eta horrek irudimenaren mundua irudikatzen du; norberaren barneko mundua”. Txotxongilo askoren buruak ere ikusgai daude. “Etorkizunean gorputzak egingo dizkiet, eta amaituko ditut”.
Bigarren solairuko aretoan bestelako pertsonaiak dira protagonistak. Horien artean deigarriena, beharbada, gorputz osoa mugitzen zaion legatz eta guzti dagoen euskal arrantzalea izan daiteke. “Ondarroako turismo bulegoan egiteko ikuskizun baterako sortu nuen”.

Corrado Masacci euskal arrantzalearen txotxongiloaren aurrean