Ekintzaileei zuzendutako Mutrikulan 2019 diru laguntzen deialdia egin du udalak
Abenduaren 12tik hasita, ekintzaileek 15 eguneko epea edukiko dute euren eskariak aurkezteko. Aurten, estreinako, enpresa irekitzeko eginiko inbertsioak ere diruz lagunduko dituzte.
Ekonomia suspertu, lanpostu berriak sortu eta emakumeak zein lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboak lan munduan sartzea sustatzen duen Mutrikulan 2019 dirulaguntza lerroa ezagutzera eman dute. Mutrikuko Udalak modu horretara, enplegu sorrera eta enpresa ekimenen garapena bultzatu nahi du tokiko garapena ahalbidetzeko eta udalerriko jarduera ekonomikoa dinamizatzeko.
Abenduaren 11n argitaratu zituzten dirulaguntzaren oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta abenduaren 12tik hasita, ekintzaileek 15 eguneko epea edukiko dute euren eskariak aurkezteko. Aurten, gainera, enpresa berrien sustapena gehiago indartzea erabaki du udalaren garapen sailak. Hala, estreinako, enpresa irekitzeko eginiko inbertsioak ere diruz lagunduko dituztela jakitera eman dute.
Oinarrietan agertzen denaren arabera, bi dira diruz lagunduko dituzten kapituluak: alde batetik, enpresa proiektu berrien sustapena eta, bestetik, enpleguaren sustapena.
Enpresa proiektu berrien sustapena oinarriari dagokionez, beronen xedea Mutrikun enpresak berriak ezartzeko enpresa ekimenei diruz laguntzea da. “Zenbait udal zergaren kontzeptuan obariak aplikatuko dira, eta baita inbertsioak diruz lagundu ere. Enpresa jartzeko garaian alokairu bat badu ekintzaileak, alokairuaren ehuneko bat ere diruz konpentsatuko zaio”. Dirulaguntzetara aurkezten diren enpresa ekimenek, gutxienez, 18 hilabeteko iraupena eduki beharko dute.
Enpleguaren sustapena diru laguntza lerroari dagokionez, bestalde, helburua Mutrikun kalitatezko lanpostuak sustatzea da. “Bereziki emakumeak, zein lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboak lan munduan sartzea sustatuko da”. Iragarri dutenez, itzuli beharrik gabeko diru laguntzak emango dituzte langileak kontratatzeagatik, ekintzailea bera barne. Enpresa berriek zein aurretik martxan dauden enpresek eskatu ahal izango dute laguntza. “Kontratazio berriek ordenantza hau argitaratu aurreko langile kopurua handitu beharko dute. Berrarrezkoa izango da gutxienez 18 hilabeteko lanpostuak bermatzea”.
2013an hasi ziren diru laguntzak ematen, eta orduz geroztik, 67.420 euroko inbertsioa egin du Mutrikuko Udalak. Azken bost urteei buruzko balorazio oso baikorra egin dute
Mutrikuko Udalak guztira 20.000 euroko partida bat du dirulaguntza horiei guztiei aurre egiteko. “Partida honetatik 2018an langutza jaso zutenei bigarren zatia ordainduko zaie eta 2019an eskaera aurkezten duten enpresentzako berriz, era ezberdinetan kalkulatuko da laguntza kopurua”.
Enpresa proiektuen sustapenean, udal zergen gaineko hainbat obariez gain, inbertsioa lagunduko da diruz honako irizpideen arabera. 100.000 eurotik gorako inbertsioek %6ko laguntza jasoko dute; gehienez, 10.000 euro. 50.000 eta 100.000 euro bitarteko inbertsioek ere %6ko laguntza jasoko dute; gehienez, baina, 6.000 eurorekin lagunduko dituzte. 50.000 euro baino gutxiagoko inbertsioek %25ko laguntza jasoko dute; 3.000 euro gehienez. Lanpostu berrien sustapenari dagokionez, berriz, sortzen den lanpostu bakoitzeko 1.000 euroko laguntza emango dute oinarri modura. “Kopuru hau handiagoa ere izan daiteke baldintza zehatz batzuen arabera”.
Mutrikuko Udaleko garapen saileko ordezkariek nabarmendu dutenez, 2013tik hasita, urtero atera dute diru laguntza lerroa.”Urtetik urtera aldaketak egon diren arren, laguntza hauen helburua Mutrikun enplegu sorrera eta enpresa ekimenen garapena bultzatzea da”.
Dirulaguntzak ematen hasi zirenetik datuak batu dituzte garapen sailkekoek, eta lortutako datuak oso baikorrak direla azpimarratu dute. Egindako diru ekarpena, guztira, 67.420 eurotakoa izan da. Azken bost urteotean, besteak beste 28 enpresa diruz lagundu dituzte. “Horietatik 22k gaur egun lanean jarraitzen dute”. Sektoreari begiratuta, ia %90a hirugarren sektorekoa izan da, eta gainontzekoa bigarren sektoreari dago lotua. 35 lanpostu berri sortu dira; horietatik %70 hirugarren sektorean daude eta gainontzekoak bigarren sektorean.