Berdelaren kuota %41 igoko da 2020an
Europar Batasuneko itunak albiste gazi-gozoak ekarri ditu euskal arrantzaleentzat. Berdelaren kuota hainbat urtez jaitsi ostean, igo egingo badute ere, kantauri itsasoko txitxarroak beste horrenbesteko jaitsiera edukiko du.
Europako Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza Ministroen Kontseiluaren urteko bilera egin dute egunotan, eta gaur [abenduak 18] goizaldean, Ozeano Atlantikoan eta Ipar Itsasoan 2020rako arrantza kuotak banatzeko akordioa lortu dute Batasuneko Arrantza ministroek. Ia 21 orduko negoziazioaren ostean, 06:30ean eman dute akordioaren berri. Adostutako kuota horiek urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean, eta iragarri dituzten neurrien artean, berdelaren kuota handitzea erabaki dute.
Adostutako akordioaren arabera, berdel kuotak %41eko igoera edukiko du 2020ean, Kantauri itsasoan. Ur horietan dabiltzan ontziek berdel kuota oso txikia izan da azken urteotan. Zehatz esanda, ia erdira jaitsi da azken bi urteotan. Euskal arrantzaleak adi itxaroten egon dira negoziaketen emaitzei, eta testuinguru horretan albistea pozgarria dela nabarmendu dute. Berdelak, izan ere, gero eta garrantzi handiagoa du baxurako euskal arrantzaleentzat; batez ere, amuak erabiliz arrantzan egiten dutenentzat.
Itunak, oro har, albiste gazi-gozoak ekarri ditu euskal arrantzaleentzat. Bruselan adostutakoaren arabera, baina, txitxarroaren kuotak jaitsiera handia edukiko du datorren urtean. Espainiak ez du Bruselaren murrizketa arintzea lortu. Kantauri itsasoko txitxarroari dagokionez, eta mahai gainean zeuden proposamenak ikusita, azkenean apalagoa izan bada ere, TAC edo Gehienezko Harrapaketa Tasa %40,7an jaitsiko dute 2020rako. Ez da bereziki espezie garrantzitsua euskal arrantzaleentzat, baina jaitsiera gehiegizkoa dela salatu dute.
Finisterre hegoaldean eta Cadizko Gokoan harrapatzen den txitxarroan kasuan, berriz, datorren urteko kuota %24,3 igotzea lortu dute arrantzaleek, Brusela %50eko jaitsieraren alde agertu bada ere. Hegoaldeko txitxarroaren gainerako kuotaren gorakadari esker, Espainiako bandera duten ontziek 30.200 tona arrantzatu ahal izango dituzte.
Iparraldeko legatzaren arrantza ere nabarmen murriztu dute. Adostutakoaren arabera, iragarritako %20ko murrizketa aplikatuko zaio Eskozia, Irlanda, Sole Handia eta Bizkaiko Golkoko Frantziako uretan. Jaitsiera nabarmena baldin bada ere, adituen ustez ez du eragin handirik edukiko. Izan ere, aurten ez dute iazko kuota agortu. Eta Europar Batzordeak %20 jaistea proposatzen zuen arren Kantari itsasoan, Cadizko Golkoan eta Portugaleko uretan arrantzatzen den hegoaldeko legatzaren TACa, azkenean, leundu egin dute; %5,5 murriztea erabaki dute.
Arrantzaleek, hala, 5.600 tona legatz harrapatu ahal izango dituzte gehienez Kantauri itsasoan, Galizian eta Cadizko Golkoan. Bizkaiko Golkoan, berriz, 13.000 tona legatz harrapatu ahal izango dituzte (aurten baino %19 gutxiago) eta Ipar Atlantikoan kokatuta dagoen Sole Handian, 18.700 tona (%20,6 gutxiago).
Kantauri itsasoko antxoaren kuota, ostera, %3an murriztu dute. Batez ere, antxoa gaztearen populazioak Bizkaiko Golkoan behera egin duelako hartu dute erabaki hori. Zapoaren eta oilarraren kuota aurreko urteko kuotaren antzera laga du Arrantza ministroen akordioak. Ur iberikoetan zapoaren arrantza kuota %3,4 jaitsi da (gehienez 3.350 tona harrapatu ahal izango dira), baina Bizkaiko Golkoan %7,6 gehiago eta Sole Handian %7 gehiago arrantzatu ahal izango da. Oilarra, oro har, gehiago arrantzatu ahal izango da. Iberiar Penintsulako uretan %24 gehituko da, %5,3 Bizkaiko Golkoan eta %3,3 iparraldeko uretan.
Mihi-arrainaren kuota, bestalde, hasiera batean %40 jaistea proposatzen zuten, baina, azkenean, %20 murriztuko dute.