Sormena eta aldarrikapena eskutik dakartza Ondarroako Nik sinistetsut jaialdiak
Zapatuan Alamedan egingo den jaialdiak bi helburu ditu. Alde batetik, herriko emakumeek egindako adirazpen adierazpen artistiko ezberdinak oholtza gainean jarri nahi dituzte, eta bestetik, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeen egiaren aitortza aldarrikatu nahi dute.
Ondarroan emakume artista asko daudela iritzita eta horiei protagonismoa eta espazioa eskaintzea beharrezkoa direla ikusirik, Nik sinistetzut! jaialdia antolatu dute estreinako Ondarroako Udalak eta Ondarroako Emakumeen Udal Kontseiluak elkarlanean. Zapatuan [abenduak 21], hain zuzen, kaleetako protagonista nagusiak bihurtuko dira herriko emakume artistak eta horien lanak.
Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak azpimarratu duenez, helburu bikoitza du jaialdiak. Alde batetik, “herriko emakumeek egindako adierazpen artistiko ezberdinak oholtza gainean jarri” nahi dituzte. “Herrian ditugun emakume artistak oholtza gainera aterako dira bakoitzak berak nahi duena edo dakiena egiten. Dantza, literatura, musika, gorputz adierazpena… diziplina anitzak batuko ditu jaialdiak”. Baina, era berean, “indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeen egiaren aitortza ere aldarrikatu” nahi dute; hortik dator jaialdiaren izena bera ere: Nik sinistetsut! “Erasoak jasan dituzten emakumeei sinisten diegula eta gure babes osoa dutela adierazi nahi diegu”.
Ondarroako Udala eta Ondarroako Emakumeen Udal Kontseilua irailean hasi ziren jaialdia gorpuzten. Herriko emakumeen sortzaileen harira zer edo zer berezia antolatu nahi zuten, eta urteari amaiera emateko jaialdia antolatzea egoki iruditu zitzaien. “Gogotsu eta urduri gaude. Jaialdian parte hartuko duten herriko norbanako eta talde guztiak ikusirik argi dago emakume sortzaile asko eta maila handikoak daudela herrian. Indarkeria matxistari aurre egiteko dituzten konpromisoa eta kemena ikusirik, bi elementuok uztartuta kartel oso ederra geratu zaigula uste dugu”.
Jaialdiaren topaleku nagusia Alameda izango da. Berdintasun zinegotziak zehaztu duenez, lanak kalera ateratzea eta emakume artistei ikusgarritasuna ematea dira jaialdiaren helburuak, eta horregatik Alamedan ipiniko dute karpan egingo dute jaialdia bera ere. “Garrantzitsua deritzogu lanak kalera ateratzea, emakumeek euren presentzia edukitzea espazio publikoan, eta euren lanen berri herriko kaleetan eman ahal izatea”.
Eguerdian egingo dute eguneko lehen ekimena. 13:30ean, Etxelilatik hasita, herriko hamalau emakume artista eta sortzaileren 22 artelan kalera atera eta erakusketa ibiltaria egingo dute Alamedara arte. “Andrabandako kideekin batera kalejira berezia egingo dute artelanak eskuan hartuta; tarteka, geldialdi batzuk ere egingo dituzte”. Eguraldi txarra balego, erakusketa aretoan egingo dute erakusketa.
Herriko emakume artisten erakusketa ibiltarian honakoek parte hartuko dute: Agurtzane Arrizabalaga Larrinaga, Ainhoa Garalde Ortega, Aitziber Bengoetxea Lete, Arantza Ibarra Basañez, Bittore Laka Goenaga, Edurne Arrizabalaga Basterretxea, Goreti Serrano Akarregi, Josune Laka Artetxe, Mari Angeles Etxaburu Zubikarai, Marian Etxabe Ariztondo, Lore Elkoro Arrizabalaga, Rosa Alkorta Arrizabalga eta Yolanda Eizagirre Urkiola.
Jaialdiaren beste oinarrietako bat 5 minutuero deritzon arte adierazpen erakustaldia izango da. Eta giroa berotzen joateko, 18:00etan Etxelilatik hasita, Andrabanda Feministagaz lagunduta beste kalejira bat egingo dute. “Eguraldi txarra balego, karpa barruan egingo genuke kalejira, 18:30ean emanaldia hasi arte”.
Alamedako karpara behin ailegatuta, herriko emakumeek adierazpen artistiko ezberdinetan oinarritutako lanak plazaratuko dituzte (erakusketa ibiltaria, dantza, musika, irrintziak, antzerkia, irakurketa, Andrabanda…) Ainhoa Etxebarria Gomezek aurkeztuko duen ekitaldian. Optika talde zarauztarraren zuzenekoagaz agurtuko dute jaialdia.
Honako emakumeak oholtza gainean ikusteko aukera egongo da 5 minutuero arte adierazpenen erakustaldian: Ainhoa Etxebarria Gomez, Biren taldea (Ane Agirre Alkorta eta Nora Agirre Alkorta), Garazi Etxaburu Aulestia, Haizea Bernedo Osa, Idurre Ibazeta Lertxundi, June Medialdea Herreros, Leire Egiguren Urrosolo, Nahia Iparragirre Burgoa (Artaka Kultur Elkartea), Nekane Akarregi Amutxastegi, Nerea Sanchez Aldazabal, Txabela Bragas (Amaia Cabero Saizar eta Leire Cabero Saizar).