Greba orokorra antolatzeko batzordeak osatuko dituzte Ondarroan eta Markina-Xemeinen
Urtarrilaren 30eko greba orokorra antolatzeko batzar irekiak egingo dituzte eguenean [urtarrilak 9] Ondarroan eta Markina-Xemeinen. Herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte eragileek.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileek urtarrilaren 30erako iragarri duten greba orokorraren harira, Ondarroako eta Markina-Xemeingo greba batzordeak osatzeko deialdiak egin dituzte. Greba orokorra elkarlanean prestatzeko lehen batzarrak eguenerako [urtarrilak 9] deitu dituzte. Asmo horregaz, Ondarroan, 18:00etan batuko dira greba prestatzeko, Kofradia Zaharrean. Markina-Xemeinen, berriz, 19:30ean batuko dira Uhagonen.
Gehiengo sindikalak eta hainbat mugimendutako eragileek (200dik gora) egin dute bat deialdiagaz. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “greba posible egiteko” beharrezkoa da greba batzordeak sortzea herriz herri. Gaineratu dutenez, bileraren helburua greba batzordea sortzea da. Eragile sozial, sindikal, politikoetako kide zein norbanako guztiak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Grebarako hamaika arrazoi daudela azpimarratuta, beste hainbat bilera ireki eta mobilizazio ere egin dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun. Lekeition, esate baterako, elkarretaratzea egin zuten astelehenean [urtarrilak 6], 12:00etan, udaletxe aurrean. Mutrikun, bestalde, gaur [urtarrilak 7] batuko dira, 19:00etan, EMAgunean.
Hain zuzen ere, lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzeko greba orokorra iragarri dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek. Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen. “Egoera ikusita, beharrezkoa iruditzen zaigu jauzi bat ematea lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokan. Konbentzimendu hirukoitz batek batu gaitu: batetik, pentsioena denon afera da, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa da; azkenik, eskubide sozialak bermatu behar dira”.
Bide horretan, pentsioen eremuaz gain, modu zabalagoan urtarrilaren 30an “planto” egiteko beharra plazaratu dute, euren aldarrietatik haratago joateko asmoz. Bizitza erdigunen jarriz, eta pentsioen aldarrikapenekin batera beste hainbat aldarrikapen batuz, 1.200 euroko gutxiengo soldata, gizon eta emakumeen arteko soldata eta pentsio arrakalagaz amaitzea, lanaldia 35 ordutara jaistea soldatak gutxitu gabe, etxeko lanak eta zaintza lanak duintzea eta gainerako enpleguetan dauden eskubide berberak aitortzea… eta beste hainbeste arrazoi daudelako deitu dute greba orokorra.