Ugaitz Mugertzak esku hutsik hasi du Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa
Aizkolari mutrikuarrak Julen Alberdi azkoitiarrarekin batera osatu du bikotea. Ia minutu bat arinago amaitu zituzten lanak Mikel Larrañagak eta Jon Rekondok.
Banakako Aizkolari Txapelketa amaitu ondoren, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa-Eusko Label Saria hasi da jokoan asteburuan. Lehen faseko lehen jardunaldia, hain zuzen, domekan [urtarrilak 5] jokatu zuten Debako Aldats pilotalekuan. Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrarekin batera osatu du aurtengoan bikotea Ugaitz Mugertza mutrikuarrak, eta Deban jokoan egon ziren lehen puntuak eskuratu gabe bueltatu ziren etxera.
Mutrikuarrak eta azkoitiarrak Mikel Larrañagaren eta Jon Rekondoren aurka neurtu zituzten indarrak. Lanei dagokienez, 11 enbor moztu behar izan zituzten bost eratara. Mugertza II.ak eta Txikia IV.ak 22 minutu eta 15 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko. Mikel Larrañagak eta Jon Rekondok berriz, ia minutu bat azkarrago amaitu zituzten lanak: 21 minutu eta 23 segunotan.
Mutrikuarra eta azkoitiarra aurretik hasi ziren. Lehen hiru enborrak aurretik moztu zituzten, 17 segundoko abantaila ere eduki zuten, baina hurrengoetan erritmoa moteldu ondoren, Larrañagak eta Rekondok aurrea hartu zien, lehen jardunaldia irabazteko aukera gabe utziz.