Datorren astean hasiko dituzte Mutrikuko Iriagirre kaleko horma egonkortzeko lanak
Bi hilabeteko epean burutuko dituzte horma egonkortzeko lanak. Obraren tokiaren ezaugarriak kontuan hartuta, lanek dirauten tartean errei bat itxita egongo da; ibilgailuen zirkulazioa semaforo bidez antolatuko da.

Mutrikuko Udalak hasitzat eman ditu Iriagirre kaleko horma egonkortzeko lanak. Obra esleipena lizitazio publiko bidez egin dute, eta kontratazio prozesua burutu ondoren, Auzogue Ingenieria SL enpresari esleitu zaio obra. Hain zuzen ere, atzo [urtarrilak 7] sinatu zuten zuinketaren egiaztapen akta obra burutuko duen enpresak eta udalak. Bertan egon ziren udal teknikaria, obra burutuko duen enpresaren ordezkaria, obra zuzendaria eta segurtasun arduraduna ere.
Hala, aste honetan obra egiteko beharrezko prestaketak egingo dituzte, eta lanak astelehenean [urtarrilak 13] hasiko dituztela iragarri du Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak. Bi hilabeteko epean burutuko dituzte horma egonkortzeko lanak. Obraren tokiaren ezaugarriak kontuan hartuta, lanek dirauten tartean Mutriku Debarekin lotzen duen GI-638 errepideko errei bat itxita egongo dela aurreratu dute udal ordezkariek; ibilgailuen zirkulazioa semaforo bidez antolatuko da.
Goian, etxebizitzak dauden tokian, bestalde, aparkalekua ere zer edo zer mugatu egingo dutela gaineratu dute. “Obra egiteko, horma gaineko aparkaleku zati hori obrako materialekin edo makinariarekin okupatuta egongo da”. Horma egonkortu ondoren, berriz, kaltetuta dauden goiko aparkalekuaren eta ondoko plazatxoaren urbanizazio obra ere burutuko dituztela jakitera eman dute udal iturriek. “Obra horretan kontu berezia jarriko zaio irisgarritasunari, aparkalekuaren eta plazatxoaren artean dauden bederatzi eskailerak kendu eta arranpa egingo dira. Obrak iraungo duen aldian auzotarrei eragozpenak barkatzeko eskatu nahi diegu”.

Arrakala bat Iriagirreko horman
Lanen kostuari dagokionez, 79.954,99 euroko aurrekontua du (BEZ barne). Zehatz esanda, iazko aurrekontuko gerakinetik bideratuko dute diru partida. “Aurreikusi gabeko obra bat da, eta soberakinean zegoen dirua erabiltzea erabaki zen osoko bilkuran. Aurrekontuan diru-lerrorik ez zegoenez, gerakinetik hartutako diruarekin partida berri egin zen obra kontratatu ahal izateko”.
Horma “bizia”. Alkateak azaldu duenez, hormak hainbat arrakala ditu, eta hori dena behera erortzeko arriskua dagoenez, horma konpondu eta egonkortzea erabaki dute lehenbailehen. “Arazoa aurretik egongo zen, baina guri uda aurretik jakinarazi ziguten. Ekainean auzotar batzuk etorri ziren goiko plazatxoan arrakalak zeudela -eta kezkatuta; egoera aztertu ondoren, berehala ekin genion arazoa konpontzeari”.
Horma aztertzeari ekin zion udalak auzotarren bisita jaso ondoren, eta azterketa geoteknikoak erakutsi duenez, hormaren atzeko betelanak bultzaka ari dira, horma kaltetuz. Adituen arabera, horma “bizirik” dago eta eusteko indarra galdu du, eta horrenbestez, eusten ari den pisu guztia aurreraka mugitzen ari da gutxinaka. Obrari esker, horma atzeko mendiaren harkaitzari lotuko diote, eusteko indar gehiago emanaz. “11 metroko hainbat buloi erabiliko dituzte horretarako”. Edozein kasutan ere, auzogunean dauden 41 etxebizitzek ez dutela batere arriskurik azpimarratu du alkateak. “Etxebizitzen eraikinak haitzaren gainean sendo daudela ondorioztatu du azterketa geoteknikoak”.