Ondarroako Arraun Elkartean lapurretan egin dute
Lapurrek kalte material "nahikoa garrantzitsuak eragin dituzte". Azken lau urteetan jasan duten antzeko bigarren erasoa dela ohartarazi dute elkarteko arduradunek.

Ondarroa Arraun Elkarteak sare sozialen bidez jakitera eman duenez, urtea “ezusteko eskasagaz” hasi dute. Izan ere, urtarrilaren 2 goizaldean, ezezagunek bulegoko kutxan gordeta zegoen dirua ostu zuten. “Egia esan, ez zegoen diru askorik; asko jota, 10 bat euro egongo ziren gastu txikietarako. Bulegoan bertan balio gehiagoko material elektronikoa zegoen momentuan, baina lapurrek, ustez, dirua nahi zuten”.
Lapurtu duten dirua askorik ez bada ere, Koldo Azpiazu elkarteko presidenteak jakinarazi duenez, kalte materialak nahikoa garrantzitsuak izan dira. Bulegoko ateko beira hautsi eta nesken aldagelako leihoak ere kalteak dituzte. “Leihoa indarrez ireki zuten, eta handik sartu ziren eraikinera. Ostean, bulegoko ateko beira hautsi, eta bertatik sartu ziren bulegora. Bulegoko armairuko ate bat ere apurtu zuten, baina handik ez zuten dakigunik ezer eraman. Horrez gain, beste ate bat ere indarrez zabaltzen saiatu ziren, eta hori ere konpondu beharra daukagu”.
Urtarrilaren 2an ohartu ziren gertatutakoaz, eta berehala Ertzaintzari eman zioten lapurretaren eta kalteen berri; Ertzaintzak, orain, ikerketa zabaldu du. Elkarteko presidenteak ohartarazi duenez, ez da lapurretan egiten dien lehen aldia. Azken lau urteotan jasaten duten bigarren erasoa dela azpimarratu du Azpiazuk. “Ez da aparteko arazorik egon, baina egoerak amorratu egin gaitu. Lehen ere toki beretik sartu ziren lapurretan egitera, eta horren jakitun, elkarte barruan diru kopuru handirik ez lagatzen saiatzen gara badaezpada”.

Ondarroa Arraun Elkarteko bulegoko atearen itxura, lapurrek apurtu ostean. Argazkia: Ondarroa Arraun Elkartea