Hamabi irratsaio propioz osaturiko eskaintza aurkeztu du Ondarroako Radixu Irratiak
Aurkeztu berri duten programazioa orain arte egon denaren jarraipena da. Irratigintzan lehen pausoak eman nahi duten guztientzat ateak zabalik dituzte.
Programazio berria udazkenean estreinatu bazuten ere, urtea hasteagaz batera eskaintza berria ezagutzera eman du Ondarroako Radixu Irratia-k. Astelehenetik domekara bitartean, hain zuzen, herriko irrati librean ekoitzitako hamabi saio eskainiko dituzte, baita Arrosa sareko beste hainbat saio interesgarri ere.
Irratiko arduradunek azpimarratu dutenez, aurkeztu berri duten programazioa orain arte egon denaren jarraipena da. “Ordutik hainbat aldaketa egon dira. Bertoko eta Arrosa sareko irratsaio batzuk desagertu egin dira, eta eskaintza eguneratu beharra genuen. Saio berriak ere badaude, eta horiei ere ikusgarritasuna eman nahi genien. Bon vivant! saioak, esaterako, hiru bat urte daramatza martxan, eta aurreko programazioan ez zen agertzen”.
Askotariko eskaintza dakar aurten ere Ondarroako irrati libreak. Berriagoak diren irratsaioez gain, uhinetan 25 urte baino gehiago daramatzaten Azken mohikanoak eta Terranobako salau saio beteranoak ere badaude. Berton ekoizten den Time to roots musikari buruzko magazinea, berriz, oso ezaguna da kanpoko reggae musika zaleen artean. “Oso kalitate altuko saioa da, eta Euskal Herriaz kanpoko beste irrati batzuetan ere igortzen dute”.
[IKUSI HEMEN PROGRAMAZIO BERRIA]
Eta programazioan agertzen ez badira ere, beste hainbat saio ere emango dituztela gaineratu dute Radixukoek. “MIR edo Erozemat saioak tartean-tartean grabatuko dituzte arduradunek, eta asterokotasunik edukiko ez badute ere, saioak ematen joango gara”.
Uhinen bidez eskaintzen dute programazioa, eta horren aldeko apustua egiten jarraitu nahi dute
Duten eskaintzaren artean, gainera, Nahastosuk FM, Bolumena Topin, Ganberruk FM eta Famauk FM saio fresko eta biziak egiten dituzte herriko bi ikastetxeetako ikasleek. Gaztetxoek eguerdietan eskaintzen dituzte zuzeneko saioak, eta aurten, berritasun legez, errepikapenak goizetan emango dituzte. Irratigintzan lehen pausoak emateko aukera paregabea daukate gaztetxoek, eta nahi duten herritar guztientzat herriko irrati librearen ateak zabalik daudela azpimarratu dute.
Uhinen bidez eskaintzen dute programazioa, eta horren aldeko apustua egiten jarraitu nahi dute. Entzuleek irratia entzuteko eta pizteko ohitura berreskuratzea eta indartzea nahi dute. “Irratia informatzeko edo momentu atseginak eragiteko komunikabide bat modura erabiltzea nahi dugu. Irratia entzuteko modua aldatu bada ere, irratia entzutea berari eman nahi diogu garrantzia”.
Radixu Irratiak, oro har, bertoko informazio hurbila proposatzen eta eskaintzen du, komunikabide handien eta komertzialen joeratik haratago. «Guk geureari eman behar diogu garrantzia. Gaiei ematen zaien trataerak ere ez du besteekin zerikusirik. Irrati komertzialek ez dute zerikusirik guk proposatuagaz».