Jon Fernandez: "Sare sozialetan ere, oso handia da euskararen erabilera"
Jon Fernandezek Ondarroako institutuko gazteek sareetan dauzkaten hizkuntza ohiturak aztertu ditu; lana saritu egin dute: Txillardegi-Hausnartu soziolinguistikako bigarren saria lortu du
Hiznet Hizkuntza Plangintza Graduondoko lanean jaso nahi izan dituzu Ondarroako nerabeen hizkuntza ohiturak sare sozialetan. Zergatik?
Gaur egun, gazteak sare sozialen bidez komunikatzen dira elkarregaz, natural-natural. Ikusita Ondarroan gazteen %92ak kalean euskara darabiltela, interesgarria zen jakitea sare sozialetan horrenbesterainoko indarra daukan euskarak. Eta, bide batez, gazteek sareetan zelako euskara erabiltzen zuten.
Zein zen zure hipotesia?
Komunitate elebidunetan edo eleanitzetan interferentziak daude. Izan ere, sare sozialak bigarren kale bat diren arren, ezin daiteke konparaketa mimetiko bat egin, sare sozialek aukera ematen dizutelako harreman zirkuluak zabaltzeko; eta aurreikusten nuen zirkulu horiek zabaldu ahala, euskararen indarra dezente jaitsiko zela. Gero ikusi dut ez dela horrela.
Ze metodologia erabili zenuen?
Alde batetik, bakoitzari dauzkan hizkuntza ohituren gainean galdetu nion. Eta beste alde batetik, gazteen elkarrizketak jaso nituen (224 elkarrizketa); guztiak, aurreragokoak.
Ze ondorio atera dituzu?
Euskara nagusia dela erabilera eremu guztietan, hau da, nagusitasuna daukala ikaskideen artean eta kaleko giroan; baina apaldu egiten dela sare sozialetan eta, ostera, handitu, euskara eta gaztelania, bien alternantzia. Halere, oso handia da euskarak sare sozialetan daukan presentzia, %85agaz.
Ondarroako gazteen %85ek darabilte euskara sare sozialetan
Eta ze erakusten dute datuek?
Euskara oso osasuntsu dagoela Ondarroan. Uemaren ikerketa batekoa da lehen aipatutako datua, alegia, Ondarroan %92ak darabilela kalean euskara. Orain, domino efektu bat dagoela ere ikusi dugu.
Zelan gauzatzen da domino efektu hori?
Adibidez, etxean lehenengo hizkuntza euskara da, %72gaz. Halandabe, etxean euskara erabiltzen dute ikasleen %80k. Hori da kaleko arau soziala indartsua delako (Euskal Herrian toki askotan horixe bera pasatzen da, atzekoz aurrera). Domino hori etxera bakarrik ez; sare sozialetara ere zabaltzen da. %85ek darabilte sare sozialetan, eta hori oso emaitza ona dela esaten dute soziolinguistek.
Zer gertatzen da Lea-Artibaitik kanpoko elkarrizketetan?
224 elkarrizketatik %10 dira Lea-Artibai eskualdetik kanpoko berbalagunekin egindakoak, eta, hain zuzen ere, %10 horretan errealitate linguistikoa asko aldatzen da: kasu horretan, elkarrizketen %60tik gora batez ere gaztelaniaz dira.
Gazteen pertzepzioa ez da baikorra. Pentsatzen dute %26 jaisten dela euskararen erabilera sare sozialetan, eta %7 jaisten da bakarrik
Gazteen euren pertzepzioa ez da baikorra…
Pentsatzen dute %26 jaisten dela euskararen erabilera sare sozialetan. Errealitatea, aitzitik, beste bat da: %7 jaisten da bakarrik.
Zeintzuk izan daitezke pertzepzio horren arrazoiak?
Autoestimu linguistiko txikia; hiperzuzentasunaren bila joatea. Emaitzak aurkezteko Ondarroan eman genuen hitzaldian ere ikusten zen jendeak pertzepzio hori zeukala, hau da, asko jaitsiko zela euskararen erabilera sare sozialetan.
Hor dago kode txandaketa ere; beste ezaugarri bat.
Euskara-gaztelania, euskara-ingelesa eta baita hiru hizkuntzak batera ere. Soziolinguistek diote ez dela euskararen ezjakintasunagatik, baizik eta adierazkorra izateko helburuz egiten dela: zer edo zer nabarmentzeko, umorera jotzeko,…
Zuk zeuk ere jaso duzu lanean sare sozialak tarteko lurralde bat direla. Zer esan nahi duzu?
Whatsapeko eremua da eremu bat ahozkoaren eta idatzizkoaren artekoa. Idatziz komunikatzen gara, eta neurri handi baten ahozkotasuna erabiltzen dugu. Beraz, hor idatzitakoa normalean ahoz egiten dugunaren islada da. Hala esaten zuten eurek gazteek eurek ere.
Sormen leku bat ere bada, ez?
David Crystal soziolinguista irlandarrak esaten du jolas linguistikorako gune emankorra dela. Nahiz eta beste hizkuntza batzuen interferentziak egon, euskararen transmisioa mantendu egiten da. Era berean, kode interferentzia horrek talde nortasuna ematen die, aurreko belaunaldiarengandik desberdintzen dituztelako. Belaunaldi guztietan gertatzen da. Belaunaldi guztiek nahi dute desberdindu aurrekoarengandik.
Ondarroako gazteak natural-natural lotzen du euskara informaltasunagaz, aisialdiagaz, komunikazioagaz… Hori bada esportatzeko jarrera bat
Ikerketa 16-18 urteko gazteen artean egin da. Jendeak Ondarroatik irteten duenean, errealitatea aldatu egiten da?
Euskal Herrian martxan jarri diren rolei erreparatuta, hau da, Ahobizi eta eta belarriprest, Ondarroako gazteek gaitasuna daukate aho bizi rola aktiboki jokatzeko kanpoan, ze, hain zuzen, Ondarroako gazteak natural-natural lotzen du euskara informaltasunagaz, aisialdiagaz, komunikazioagaz… Hori bada esportatzeko jarrera bat.
Zerk harritu zaitu gehien jaso duzun emaitzetatik?
Harritu eta era berean poztu egin nau oso handia dela euskararen erabilera, kalean modura, bai sare sozialetan ere.
Ondarroan egin zen aurkezpenean, Kike Amonarriz zure tutoreak oso interesgarritzat jo zuen. Zergatik?
Agerian geratzen delako posible dela euskara bizia eta erreferentziala izatea sare sozialetan eta gazteen artean. Hori gertatzen da Ondarroan, testuinguru jakin bat dagoelako eta euskara delako erreferentziala bertoko bizitza sozialean eta publikoan.
Ondarroatik eta Lea-Artibaitik irteten duten gazte hauei erantzukizuna eskatu behar zaie?
Modu naturalean ahal dute jokatzen jarraitu. Euskal Herrian, euskararen ezagutza %55ekoa da 24 urtetik beherakoen artean; EAEn, %71. Beraz, EAEn, adibidez, 10etik 7rek euskaraz dakite.
Ze panorama aurreikusten da?
Aurkezpena ikasleekin ere egin genuen, eta Kikek esaten zuen interesgarria izango litzatekeela ikasle horiek hamar urte barru zelan jokatzen duten ikustea, eta oraingo datuekin alderatzea.