Musika eta ahalduntzeari buruzko ikastaroa emango du Olatz Salvador musikariak Ondarroan
Ikastaroaren lehen saioa urtarrilaren 18an egingo dute Etxelilan, eta izen ematea zabalik dagoela azaldu dute antolatzaileek. Denetara, hiru orduko lau saio egingo dituzte, zapatuetan, aste bitik behin.
Ondarroako Berdintasun Sailak eta Etxelilak antolatuta, Musika eta ahalduntzea deritzon ikastaroa eskainiko dute Etxelilan datozen asteotan. Olatz Salvador Zaldua musikari donostiarra izango da ikastaroaren gidaria. Salvador, besteak beste, Skakeitan talde ezaguneko kidea da eta Zintzilik bere estudioko lehen lana kaleratu zuen bakarlari moduan 2018an.
Jakina da emakumeei espazio publikoa ukatu izan zaiela eta, gaur egun ere, oholtzak ez direla oraindik espazio seguru bilakatu emakumeentzat. 2018. urtean estatu mailan ospatutako musika jaialdietako datuek diote emakumeen oholtzako gaineko presentzia ez dela %20ra iritsi.
Ikastaroaren bitartez, egungo euskal musika eszenari buruzko analisi kritiko bat egingo dute bertan parte hartuko duten ikasleek, genero ikuspegia ardatz hartuta. “Hausnarketaz gain, emakumeak instrumentuak hartu eta espazio publikora bideratzea izango da beronen helburua”.
Ikastaroaren lehen saioa urtarrilaren 18an egingo dute, eta izen ematea zabalik dagoela azaldu dute antolatzaileek. Matrikula 10 eurokoa da, eta ikastaro bakoitzeko lagun kopurua bete ahala itxi egingo da matrikulazioa. Taldeak osatzeko, gutxienez, zazpi lagun beharko dira.
Ikastaroan izena emateko interesa dutenek matrikula fitxa bete eta ordainketa egin beharko dute: goizetan, udal diru bilketan bulegoan eta, arratsaldetan, Etxelilan (martitzenetik barikura, 16:30etik 20:30era). Era berean, etxelila@ondarroa.eus helbide elektronikora idatzita edo 94-613 40 08 telefono zenbakira deituta eman daiteke izena.
Ikastaroari dagokionez, hiru orduko lau saio egingo dituzte zapatuetan, bi astetik behin, 11:00etatik 14:00etara. Lehen saioa hilaren 18an egingo dute eta gainontzeko hirurak otsailaren 1ean, 15ean eta 29an egingo dituzte.