Giro ederrean hasi dute Lekeition Beteranoen XV. Trinketeko Txapelketa
Urkiaga-Madariaga, Martin-Foster, Beraza-Telleria eta Gandiaga anaiak bikoteek lortu dituzte txapelketako lehen puntuak.
Beteranoen XV. Trinketeko Txapelketaren ligaxkako lehen partiduak jokatu zituzten atzo [urtarilak 12] Lekeitioko trinketean, eta antolatzaileek azaldu dutenez pilotari berriak hasieran urduri bazeuden ere, azkenean “pozik” geratu ziren “bai materialagaz zein partidekin”.
Urkiaga-Madariaga eta Rober-Conde neurtu ziren lehen norgehiagokan, eta Urkiaga eta Madariaga hasiberriek eskuratu zuten lehen puntua 30-27 irabazita. Rober eta Conde agintean egon ziren 18. tantora arte, baina gauzak berdintzen hasi ziren orduan. Madariaga aurrera pasatu zen eta sake eta abiadura gehiagogaz berdinketa lortu zuen markagailuan. “Partida orekatua izan genuen eta berdinketak egon ziren 18. 22. eta 25. tantoetan”.
Bigarren lehia Martin-Foster eta Hidalgo-Txapartegi bikoteen artekoa izan zen. Parekatu hasi baziren ere Martin eta Foster lekeitiarrek esperientzi handia daukatela erakutsi zuten, eta frontoian hobeto kokatuz 30-9 gainditu zituzten Hidalgo eta Txapartegi.
Hirugarren norgehiagokan Beraza-Telleria eta Astigarraga-Pradera aurkitu ziren aurrez aurre. Ez zuten partida ona eskaini, baina bai orekatua. 23 tantora berdindu zuten, baina azkenean Beraza eta Telleriak eraman zuten partidua 30-23 irabazita. 23ko berdinketara arte jokaldi banakak ere egon zirela azaldu dute txapelketaren antolatzaileek: “Berazak 13. tantoa gantxoz eskumara botata lortu zuen, Astik dejada bikaina egin zuen txapara, Telleriak errebotera eta Praderak defentsa bikaina erakutsi zuen”. Astigarragak, nahiz eta 65 urte eduki, sasoi bikaina erakutsi zuela gaineratu dute. “Aurten ere txapelen borrokan ikus dezakegu”.
Azkenik, Gandiaga anaiak eta Jaunarena-Egaña bikoteak atera ziren trinketeko kantxara. “Gandiaga anaiak txapelketako faboritoak ditugu, baina ez dute eman euren maila, aurkariek euren jokoa egitera behartu dituztelako”, diote txapelketaren antolatzaileek. Hala ere, garaipenagaz egin zen Berriatuako bikotea eta 30-24 irabazi zieten Jaunarena eta Egañari. “Naiz eta Iban Gandiaga jotzaile handia izan, Egañak oso ondo erantzun dio, eta aurrean, efektuen erregeak, Jaunarena Nafarrak, hainbat tanto egitea lortu du. Eñaut Gandiaga, betiko legez oso bizkor ibili da eta pilota sailak eroaten abantaila mantentzea eta lehen puntua eskuratzea lortu du”.
Datorren domekan [urtarrilak 19] jokatuko da ligaxkako bigarren jardunaldia.