Ondarroako Iparkale eta Iparragirre kaleak lotzen dituen igogailua konpondu dute
Udalak azpimarratu duenez, igogailua itxita egotearen arrazoi bakarra mekanismoaren matxura izan da. Kanpoko kristala arrakalatuta egoteak itxita egoteagaz zerikusirik ez duela diote
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, Iparragirre eta Iparkale lotzen dituen igogailu gaur [urtarrilak 13] ipini dute martxan. Igogailuak ateko mekanismoa matxuratuta eduki du, eta piezak ekarri bitartean, itxita egon da. Igogailua ixtearen arrazoi bakarra mekanismo horren matxura izan da, eta ez kanpoko kristala arrakalatuta egotea. “Ez dakit nondik atera den igogailua zarratzearen arrazoia kristala bakarrik dela”, azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. Bedialaunetak gaineratu duenez, mekanismoa konpontzeko lanak baliatuta, kristala ere aldatu dute.
Udalak barkamena eskatu nahi die herritarrei igogailua konpontzeko behar izandako denborarengatik, baina beharrezko pieza iritsi eta ipini bitartean “segurtasuna bermatzearren” egon da itxita. “Herritarrei barkamena eskatu nahi diet askorentzat hain garrantzitsua den igogailua konpontzeak eraman digun denborarengatik. Igaro berri diren datetan ez da batere erraza izan enpresa hornitzaileari pieza iritsi eta ipini ahal izatea, eta horregatik atzeratu da guztia. Barkamena eskatzen diegu bizilagunei, baina argi laga nahi dut igogailua ixtearen arrazoia ez dela izan kristala arrakalatuta egotea. Arazoa kristalarena izan balitz udalak konpondu ahal izango zuen; egun batetik bestera ipiniko genuen martxan”.
Alkateak argi utzi nahi du konponduta egoteraino egun asko igaro izanak ez duela esan nahi udala geldirik egon denik: “Enpresa hornitzaileak data bat eman zigun lehenengo, beste bat gero, eta azkenean, gaur konpondu ahal izan dute. Igogailua konpontzeko epeak luzatu izanak bi arrazoi ditu: lehenengoa, eta garrantzitsuena, piezaren jatorria izan da, atzerritik ekarri behar izan baitute, eta bigarrena pieza hori Euskal Herrira iritsi ahal izateko edukitako arazoak Gabon datak direla eta”.