Amorotoko Burdinola enpresak beste aurrerapauso bat eman du nazioartekotze estrategiaren barruan
Burdinola Benelux SRL filialaren %49a eskuratuta, erabateko kontrola dauka orain. Datozen urteetarako filialaren hazkunde aurreikuspenak "positiboak" direla jakitera eman dute
Amorotoko Burdinola enpresak Burdinola Benelux SRL-ren %49 eskuratuta, Belgikako filialaren %100 dauka. Nazioartekotze estrategiaren eta hazten jarraitzeko helburuen barruan, beraz, beste pauso bat eman du 2017an sortutako filialaren kontrola erabat bereganatuta.
Laborategi seguruak izan eta proiektu handiak lortzeko posizionamenduan oinarritzen dira Burdinola eta bere filiala. Azaldu dutenez, Burdinolaren “estrategia globalari” egokitzen den lan ildoa mantentzen du filialak bere sorreratik.
Datozen urteetarako filialaren hazkunde aurreikuspenak “positiboak” direla jakitera eman dute. Lehen mailako sektore eta bezeroen eskariak badituzte dagoeneko, eta horien artean, Belgikako konpainia farmazeutiko nagusiena den UCB pharma eta Dow Chemical Company daudela zehaztu dute.
“Belgigako gure filialagaz merkatuan liderrak izatea bilatzen dugu. Merkatuan hazkunde aurreikuspenak onak dira, eta Europan lidergoa segurtatzeko. Uste dugu laborategi seguruen gure espezializazioa da gure bereizgarria eta horrek balio erantsia ematen dio gure teknika proposamenari”, esan du Mikel Martinez Burdinolaren zuzendari exekutiboak.
Burdinolak Frantzian, Italian, Erresuma Batuan eta EAU (Dubain) dauzka filialak, eta Espainian, Mexikon, Perun eta Kolonbian delegazioak ditu.