Kokoloro sormen tailerra egingo dute Ziortza-Bolibarren
Zapatu arratsaldean emango dute tailerra frontoian, eta aurretiaz izena eman behar da udaletxean. 4 urtetik gorakoek parte hartu ahal dute.
Udalaren Kultura Batzordeak antolatuta, eta Sormen Lantegiaren eskutik, Kokoloro sormen tailerra emango dute zapatuan [ urtarrilak 18] Ziortza-Bolibarko frontoian.
17:00etatik 18:30era ariko dira sormena lantzen, eta 4 urtetik aurrerakoentzat zuzenduta dago. Aurretiaz udaletxean izena ematea beharrezko da; barikua da izena emateko azken eguna. Izena ematerakoan 10 euro ordaindu behar dira, eta hiru neba-arreba diren familien kasuan, bi seme-alabena ordaindu beharko dute bakarrik.
Sormen Lantegiko Nerea Unanua Otxoantesanak eta Jone Goikoetxea Ibaibarriagak emango dute tailerra. Umeei baliabide desberdinak emanda, sortzeko aukera desberdinak daudela erakusten diete. “Adibidez, pintura erabiltzen dugunean, gustatzen zaigu ohikoa ez den era batera sortzea. Etxean topatuko ez dituzten baliabide batzuk ematen dizkiegu sortzerako orduan”, azaldu du Unanuak. Gorputza erreminta moduan erabiltzea ere gustatzen zaie: “Adibidez, gorputzaren simetria lantzen dugu. Gorputzak simetrikoak dira, eta naturan ere asko ematen den elementu bat da. Simetria hori lantzeko jolasak asmatzen ditugu, eta gero hori euskarri plastiko batera zelan eroan ikusten dugu”.
Ume eta gaztetxoak ondo pasatzea da batez ere euren helburua, eta horretarako tailer erakargarriak egiteko ahalegina egiten dutela dio Unanuak: Gehienbat sormen artistikoa lantzen dugu. Baina, guri benetan interesatzen zaiguna da sormena alor orokor batean lantzea. Ez dugu ulertzen sormenik gabeko mundu bat. Edonork bere bizitzan sormena beharrezkoa duela pentsatzen dugu”. Sormena eta adierazmena aitatu ditu: “Askotan adierazten ere ahaztu egiten zaigu”.
Lehenengoa, “arrakastatsua”. Kultura Batzordeko kideek azaldu dutenez, azaroaren 9an egin zuten lehen sormen tailerra. 30 bat ume batu ziren, eta edukitako arrakasta ikusita, errepikatzea erabaki dute. Asteburu honetakoaren ostean, martxoaren 14an hirugarren tailer bat egingo dutela iragarri dute. Bestalde, Gabonetan guraso elkarteak antolatuta ere egin zuten saio bat.
“3 urtetik 13 urtera arteko umeak egon ziren lehen saioan, eta oso interesgarria izan zen, zelan laguntzen zuten elkar ikustea etab.”, zehaztu du Unanuak.