Munitibarko frontoiaren 60. urteurrena ospatzeko jaialdia egingo dute
Bariku honetan egingo dute pilota jaialdia eta sarrera doakoa da. Lea Ibarra Pilota Elkarteak antolatu du jaialdia, udalaren laguntzagaz, eta herriko pilotarien lana aitortu eta azpimarratu nahi dute.
Munitibarko frontoiaren 60. urteurrenaren pilota jaialdia egingo dute barikuan [urtarrilak 17]. Sarrera doakoa da eta amaieran pintxoak egongo dira. Egun berean, munitibartarrek herriko pilotariak ikusteko aukera paregabea eskainiko du pilota jaialdiak.
Gehienak, herrikoak. 18:00etan hasiko dira partiduak eta herriko umeak izango dira jokatzen lehenak. Ondoren, promesetan, Enbeita munitibartarrak Emaldi zeanuritarragaz bikotea osatuta, Beitia lekeitiarraren eta Beitia zeanuritarraren kontra jokatuko dute. Azken partidua nagusien mailakoa izango da, eta hiru pilotari izango dira herrikoak. Zugadi eta Albizu munitibartarrak Muniozguren munitibarraren eta Arrizabalaga gernikarraren kontra ariko dira zein baino zein gehiago.
Lea Ibarra Pilota Elkarteak antolatu du jaialdia, udalaren laguntzagaz, eta herriko pilotariei garrantzia ematea da jaialdi honen helburu nagusia. “Esker onez jaialdi bat antolatu, eta eurek ere diru sari bat edukitzea nahi genuen. Herrian pilotariak daude, urte osoan jokatzen dabiltzanak”. Hortaz, eurek ere euren plaza edukitzeko aukera eduki behar dutela argi daukate, “eta behintzat urtean behin saritxo bat edukitzeko”. Zelan ez, herriko pilotarien lana aitortzeaz gain, pilota elkartearen garrantzia azpimarratzeko ere bada jaialdia.
Izan ere, beste herri askotan gertatzen den moduan, pilota partiduak antolatzerakoan, kanpoko enpresak edota pilotariak kontratatu izan dituzte, eta orain, bertokoen aldeko apustua egitea erabaki dute. Gainera, ez da honetan geratuko; jarraipena eman nahi diote.
Urtero, sasoi honetan halako pilota jaialdi bat egitea da euren asmoa: “Urtarrilean edo abenduan izango litzateke. Iaz izan zen 60. urteurrena, eta beraz, oraingo jaialdiak are garrantzi gehiago dauka. Umeek, kadete zein gazte mailetakoek eta nagusiek hemen jokatzea nahi dugu, eurei ikusgaitasuna emateko. Ahal dela denak udalerrikoak izango dira. Urtero pilota elkarteak halako partidu bat antolatzea garrantzitsua eta azpimarratzekoa da”.
Munitibarren frontoiak daukan garrantzia nabarmendu dute: “Pilota eskolak pila bat erabiltzen du, eta herri erdian dagoen eraikina izanda, bizitza asko daukan eraikin publiko bat da. Eskuz jokatzeaz gain, frontoia gauza askotarako erabiltzen da”.
Frontoira hurbiltzeko gonbidapena luzatu dute pilota eskolaren zein udalaren ordezkariek.
PARTIDUAK:
- Eskolartekoak:
Lea Ibarra Pilota Elkarteko umeen partiduak - Etorkizunekoak:
Enbeita-Emaldi VS. Beitia-Beitia - Nagusiak:
Zugadi-K. Albizu VS. Muniozguren-Arrizabalaga