San Anton Eguna ospatuz hasiko dituzte jaiak Barinagan
Barikutik domekara arteko egitaraua prest dauka Barinagako Jai Batzordeak. IV. Kalamua-Barinaga Jaitsiera lehiatuko da zapatuan. Oraindik aukera dago parte hartzeko.
San Anton Eguna barikuan [urtarrilak 17] jausita indartsu ekingo diote jaietako asteburu osoko egitarauari aurten, Barinagan. Ohi modura jubilatuen bazkaria egongo da jaietako egun nagusian, baina jubilatuak ez dira jaiekin gozatzeko aukera edukiko duten bakarrak izango; kirol ikuskizun, txapelketa, afari eta ibilaldiak jarri ditu aukeran Barinagako Jai Batzordeak aisialdi eder bat igaro nahi duten denentzako.
Azken urteetan bezala Iturritxu elkartean batuko dira auzoko nagusiak elkarregaz bazkaltzeko. Urtero 20 bat lagun batzen dira lasai egon eta kontutan jarduteko, eta aurten ere horretarako aukera edukiko dute. 12:15ean meza nagusia egongo da, eta 14:00etan bazkaria. Jatordura joan nahi dutenek eguenera arte [urtarrilak 16] eman dezakete izena Baskaran estankoan edota Kontzeju Zaharrean.
Esku pilota partiduek eta Barinagako Frontoi Txikiko Buruz Buruko IV. Pala Txapelketa finalak girotuko dute bariku arratsaldea. Lehenengo Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko pilotari gazteen partiduak egongo dira, eta ondoren, pala txapelketako 3. eta 4. postuak eta finala jokatuko dira.
Aurten 24 palarik parte hartu dute 2019ko abenduaren 3tik abian dagoen Barinagako Pala Txapelketan. Domekan [urtarrilak 12] jokatu zuten lehenengo finalaurrekoa Joseba Plazak eta Jon Patxi Aldaoleak, eta Plazak lortu zuen finalerako pasea 18-17 eta 18-9 irabazita. Bigarren finalaurrekoa gaur [urtarrilak 14] jokatuko da, Josu Olabarriaren eta Iker Bereauren artean. Bi horietako bat izango du aurkari Plazak finalean.
Txapelketako lehen lau postuak erabakita emango dira sariak Iturritxu elkartean. Irabazleak txapela eta 80 euro eskuratuko ditu, txapeldunordeak pala bat eta 50 euro, hirugarren geratzen denarentzat pilota kaxa bat eta 30 euroko saria daukate eta laugarrenak Santa Mañeko lote dat eramango du.
Kalamua-Barinaga. Barinagako Jai Batzordekoek dena prest daukate bai eta laugarren urtez lehiatuko den Kalamua eta Barinaga arteko jaitsierarako ere. Ibilbidea garbituta eta seinalez adierazita daukate jada, eta oraingoz 39 korrikalari izena emanda daudela aurreratu dute –azken urteetan batez beste 40 bat korrikalarik parte hartu izan du norgehiagokan–. Hala ere, oraindik parte hartzeko aukera zabalik dago, bihar [urtarrilak 15] izango da azken eguna. Kirolprobak webgunean eman behar da izena.
Zapatuko [urtarrilak 18] jaitsierak bestela ez du aldaketarik izango. 10:30ean igoko dira parte hartzaile guztiak Kalamuara eta 12:00etatik aurrera, 30 segundoko txandatan, jaisten hasiko dira. Guztira, 3,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute erlojuaren kontra.
Jaitsiera amaitu bezain laster banatuko dituzte sariak neska zein mutiletan:
1. 100 euro eta Txotxiki bik emandako txapela eta bertso afarirako bi gonbidapen.
2. 75 euro eta Santamañeko gazta bat.
3. 50 euro eta Meabe ogiak emandako pastel bat.
Horrez gain, jaitsierako errekorra gainditzen duenari 50 euroko saria emango diote. Mutiletan Joseba Plazak dauka momentura arteko denborarik hoberena, 2018 urtean lortu zuen 11 minutu 13 segundoko denbora. Nesketan, berriz, Mayi Mujikak 13minutu 37 segundoko marka lortu zuen 2019 urtean.
Sari banaketa eta gero opariak zozketatuko dituzte, eta ostean, hamaiketakoa egongo dela jakinarazi dute jai batzordekoek. Lasterketako partaideek kamiseta bat ere eramango dute opari gisa.
Jokoa. Beste txapelketa bi egongo dira arratsaldean. Alde batetik Briska Txapelketa jokatuko da Iturritxu elkartean 16:30ean, 12 euro jarri beharko dituzte bikoteek parte hartzeko. Eta bestetik, Bola Joko Txapelketa lehiatuko dute auzoko bolatokian 17:30ean, hiru txirlo modalitatean. Tiraldiak 16:30ean hasiko dira eta norgehiagoka hasiko da ondoren. Lehenengo laurek izango dute saria batean zein bestean.
Sanantonetako ezinbesteko hitzordu bihurtu da bai eta ere zapatu gaueko Bertso Afaria. Iturritxu elkartean egingo da ohi legez, eta Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra eta Andoni Egaña Makazaga zarauztarra ariko dira koplatan. Afariari amaiera borobila emateko erromeriagaz jarraituko dute. Laja II eta Lutxurdixok jarriko ditu dantzan mahaikideak, eta azken ordura arte geratzen denak berakatz zopa edukiko du goizaldean.
Ibilaldia. Jaiekin amaitzeko ibilaldia egingo da domeka goizean Barinaga inguruetan zehar. Iturreta alderantz abiatuko dira aurten ibiltariak paraje horiek ezagutzeko. 09:30etan abiatuko dira 13 kilometroko ibilaldi luzeko parte hartzaileak eta 10:30ean daukate ordua ibilaldi laburrekoek. 7 kilometroko martxa egingo dute horiek.
Indarrak berreskuratzeko hamaiketakoa edukiko dute partaideek amaieran, eta orduan egingo dute bai eta jaietako zozketa. Aurten 500 euro lortuko ditu txartel irabazlea daukan zorionekoak.