Zabalik dago Peru Abarka Album Lehiaketara lanak aurkezteko epea
Otsailaren 28a da lanak aurkezteko azken eguna. Lehiaketako bi ataletan banatuta dago: lehendabizi narrazio onena aukeratuko dute, eta ostean narrazio hori ilustratzeko proposamen onena aukeratuko da.
Lehiaketan 18 urtetik gorako edozeinek parte hartu ahal duela zehaztu dute. Kategoria bakarra egongo da: helduen literatura. Hori bai, aurkezten diren ipuin guztiak euskara batuan idatzita egon beharko dutela esan dute. Zehaztu dutenez, lehiaketa bi ataletan banatuta egongo da: lehendabizi narrazio onena aukeratuko da, eta ostean narrazio hori ilustratzeko lehiaketa deituko dute.
Gaia librea izango da, eta ipuinak originalak, argitaratu gabeak eta beste inongo lehiaketan saritu gabeak izan beharko dute. “Azken hori ziurtatzeko, egileak zinpeko adierazpena egingo du, baldin eta haren lana lehiaketa honetan saritua izaten bada”. Prosaz zein bertsoz idatzi ahalko da, eta narrazioek, gehienez, 12.000 karaktere eta gutxienez 9.000 eduki ahalko dute.
Nola aurkeztu? Lanak DIN A4 tamainako orrietan, ordenagailuz eta alde bakarretik idatzita aurkeztu beharko dira. Lerroartea 1,5 puntukoa izan behar da, eta Times New Roman letra estiloagaz idatzita egon beharko dira, 12 puntuko tamainan. “Orriak zenbatu egingo dira, eta orrialde guztietan adieraziko da lanaren izenburua”. Lanak aurkezteko azken eguna otsailaren 28a da.
Kopia bakarra aurkeztuko da, gutunazal itxi batean. Gutunazalean ez da egilearen izena ipiniko, baizik eta titulu edo ikurritz bat. “Titulu edo ikurritz bera idatziko da lanaren orri guztien buruan. Gutunazalaren barruan, ostera, titulu edo ikurritz bera duen beste gutunazal bat sartuko da, eta bigarren gutunazal horren barruan adieraziko dira egilearen datuak (izen-abizenak, telefono zenbakia, jaiotze data, helbide osoa eta nortasun agiriaren kopia bat)”.
Testu irabazlea gaztelaniari itzuliko da. Baina behin-behineko itzulpen hori ez da argitaragarria izango, ilustrazio lehiaketan parte hartuko duten ilustratzaile ez euskaldunentzako izango baita
Lehiaketara aurkezten den bakoitzak gehienez ere bi lan aurkeztu ahalko ditu. Eta epaimahaiak erabakia hartu eta gero, lehiaketara aurkeztu direnek hilabeteko epea edukiko dute aurkeztutako lanak berreskuratzeko. “Lan irabazlearen jabetza udalarena izango da, eta 1. ediziorako argitaletxeari emango dio. Irabazle ez diren lanen jabetza, ostera, egileena izango da”. Argitu dutenez, lan irabazlearen bigarren edizioa argitaratuko balitz, argitaletxeak egilearekin hitzartu beharko ditu zehaztapenak.
Non aurkeztu? Lanak Markina-Xemeingo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira. Dena dela, postaz ere bidali ahal dira (Markina-Xemeingo Udala, ‘Peru Abarka Album Lehiaketa 2020’, Goiko Portala, 3. 48270, Markina-Xemein. Bizkaia).
Narrazio lehiaketa egin eta lan irabazlea aukeratu eta gero, ilustrazio lehiaketa jarriko da martxan. “Testu irabazlea gaztelaniari itzuliko da. Baina behin-behineko itzulpen hori ez da argitaragarria izango, ilustrazio lehiaketan parte hartuko duten ilustratzaile ez euskaldunentzako izango baita”. Aurreratu dutenez, narrazio lehiaketako lan irabazlea Facebooken argitaratuko dute, ilustratzaileek eskura edukitzeko.
Saria. Narrazio onenaren saria jasotzen duenak 1.700 euro eskuratuko ditu. “Horrez gain, lana album formatuan argitaratuko da”.