Iker Badiola: "Lana idaztea abentura bat izan da, lasterketa amaitzea bestekoa ia"
Kirolzalea izan da umetatik Iker Badiola. Duela gutxi, mendian korrika hasi, eta Zegama-Aizkorri lasterketagaz maitemindu zen. Iaz lasterketa amaitu zuen, eta esperientzia liburu batean jaso du.
Iker Badiola (Ondarroa, 1978) ogibidez ikerlaria eta zaletasunez kirolaria da. Zaletasun horrek XVIII. Aizkorri-Zegama lasterketa ezaguna egitera bultzatu zuen iaz, eta orain, esperientzia horri buruzko liburua kaleratu berri du: Behin Zegama-Aizkorrin parte hartu nuen.
Zer arrazoi eduki duzu zure esperientzia liburu batean kontatzeko?
Esperientzia oso aberasgarria, bizia eta zirraragarria izan zen, eta bizitako guztia kontatzeko beharra neukan. Zer bizi izan nuen, zer izan zen, esker ona eman […] eta gero eta ezagunagoa bihurtzen ari den Zegama-Aizkorri mendi maratoi hori zer den barru-barrutik azaldu beharra sentitzen nuen.
Liburua nori dago zuzenduta?
Edozein irakurlerentzat dela esango nuke. Kronika bat da, eleberri bat, eta kronika horretan gauza asko jorratzen dira.
Zer, esate baterako?
Umore asko erabili dut. Maitasun istorio batzuk ere agertzen dira, baina ez da maitasun erromantikoa soilik, baizik eta mendiarekiko, kirolarekiko, bikotearekiko… Maitasunaren aldaera asko landu ditut maila ezberdinetan. Azken batean egiten den bideari eman nahi izan diot garrantzia; egindako bideari eta bide horretan pasatako kontakizunak jaso ditut: pasadizoak, zelako harremanak sortu diren…
Mediku ikerlaria zara, eta horregaz zerikusia duten lau liburu argitaratu dituzu elkarlanean. Liburu hau idaztea, zer nolako esperientzia izan da?
Oso prozesu aberasgarria izan da. Liburuan bertan esaten dudan modura, helmugari baino bideari ematen diot garrantzia. Liburu hau Itakarako beste bidetxo bat izan da niretzat. Abentura handia izan da. Bizitako esperientzia berezi hori berriro idaztea, jasotzea eta sentimendu horiek guztiak kanporatzeaz asko gozatu dut. Oso erraz eta denbora laburrean idatzi nuen kronika, liburu teknikoak baino errazago. Liburua hilabete inguruan idatzi nuen, eta Samarcanda argitaletxeak atera du; andaluziarra denez, jatorrizko testua gaztelaniaz egitea eskatu zuen.
“Gaztelaniazko lehen edizioa agortu egin da, argitaletxeak bigarrena kaleratzea erabaki du”
Baina gaztelaniaz ezeze, euskaraz ere argitaratuko da liburua.
Argitaletxekoei liburua euskaraz ere argitaratu nahi nuela proposatu nien. Jarrera oso baikorra erakutsi zuten hasiera-hasieratik. Euskarazko bertsiorako Mario Unamuno hizkuntzalariaren laguntza eduki dut, eta oso ondo konpondu gara. Bide guzti horretan hainbat harreman berri egiteko tartea ere eduki dut; egia esan, oso prozesu aberasgarria izan da. Lana idaztea abentura bat izan da, lasterketa amaitzea bestekoa ia.
Abendu erdialdean aurkeztu zenuen liburua.
Oso harrera ona eduki du. Gaztelaniazko lehen edizioa agortu egin da, eta Samarcanda argitaletxeak bigarrena argitaratzea erabaki du.
Euskarazkoa, noizko?
Aurrikuspenen arabera, urtarrilaren azken astean kaleratuko dute. Espero ez genituen arazoak egon dira maketazioan, eta horrek neurri handi batean zer edo zer atzeratu ditu gauzak. Euskaraz oso lan txukuna irten digu, eta, egia esan, zain egoteak merezi duela esango nuke.
Zurea Samarcanda argitaletxeak bere historian euskaraz argitaratuko duen aurreneko argitalpena izango da, gainera.
Argitaletxea Andaluziakoa da, eta bertakoak dira egile gehienak. Argitaletxearentzat penintsulako iparralderantz zabaltzeko estrategiaren barruan kokatu dute apustu berezi hau.
Liburua non lortu daiteke?
Samarcanda argitaletxearen politikaren arabera, Internetetik egiten dira salmentak. Bestelakoan, Ondarroan (Idiakez, Zurrumurru eta Kurike) eta Bergaran ere ale batzuk laga ditugu.
2016an hasi zinen mendian korrika. Iaz Zegama-Aizkorrin parte hartzeko dortsala lortzea erraza izan al zen?
Diotenez, mundu mailan dortsal bat lortzeko zailena da Zegama-Aizkorri. Ni, esaterako, 2018an ere saiatu nintzen, baina bigarren saiakeran lortu nuen iaz.
Zerk egiten du lasterketa hain berezia?
Lasterketa igarotzen den ingurua eta lekuak oso bereziak dira. Baina horren denaren gainetik, lasterketaren antolakuntza azpimarratuko nuke. Antolatzaileak Zegama eta inguruko herritarrak dira, eta oso ondo zaintzen dute korrikalari bakoitza.
“Helburu bakarra helmugan sartzea zen, eta Zegamako plazan aurkitu nuenagaz topo egiteak erabat hunkitu ninduen”
Zegama-Aizkorrikoa lehen mendi maratoia izan duzu.
Ordura arte maratoi erdia eginda nuen, eta dortsala lortu orduko lasterketa prestatzen hasi nintzen buru-belarri. Prestaketa horretan garrantzitsuena, beharbada, ibilbidea bera aurretik egitea dela uste dut. Ni, esaterako, pare bat aldiz joan nintzen bertara, eta kontroletako denboren barruan zelan moldatzen nintzen ikusi nuen.
Lasterketa bera zelan gogoratzen duzu?
Egun gaitza izan zen niretzat, eta hasi orduko nire eguna ez zela konturatu nintzen. Amaitu ahalko nuen zalantzan jarri banuen ere, lasterketa uztea ez zegoen nire aukeren artean. Hasiera batean neukan plangintza hankaz gora joan zen, baina buruaz jokatu eta estrategia bat planifikatzea beharrezko ikusi nuen.
Zortzi ordu azpitik Zegamara iritsiko zinela jakitea zelan bizi izan zenuen?
42. kilometrora ailegatu arte ez nuen argi amaitu ahalko nuenik, eta herrira sartu orduko, azken metroak baino ez zirela falta konturatu nintzen. Helburu bakarra helmugan sartzea zen, eta Zegamako plazan aurkitu nuenagaz topo egiteak erabat hunkitu ninduen; ikaragarria izan zen.
Zure esperientziatik abiatuta, zer gomendio emango zenioke lasterketa amaitzera doanari?
Nire gomendioa honakoa da: ibilbidea osoa puntu hori batzuekin dago seinalatuta, eta puntu horiari jarraitu, eta maratoia egiteko aukera dago, inolako arazorik barik. Nire gomendioa bertara joan eta proba bat egitea da. Zegamak duen zailtasun handienetariko bat tarteko denbora kontrolak dira, eta horietan gogorrena, Sancti Spiritu.
Tarte oso gogorra al da?
Ez bereziki. 20. kilometro inguruan dagoen leku horretara 3 ordu eta 15 minutu azpitik ailegatu behar zara. Harainoko bidea, beharbada, errazena da, zailtasun gutxienekoa, baina eskatzen duten gehienezko denbora tartea oso zorrotza da. Azkenean ezarrita zegoen gehienezko denbora baino hiru minutu azpitik igaro nintzen.
Eta Sancti Spiritu ostean, zer?
Orduan hasi zen ibilbideko zatirik gogorrena. Sancti Spiritutik Aizkorri igotzen hasten zara, eta gero Aizkorriko mendi gailur guztia zeharkatu behar duzu. Handik, ondoren, Urbiara jaitsi behar zara. Urbiako zatia, bereziki oso gogorra suertatu zitzaidan. Bertan hasten da lasterketako tarterik gogorrena.
Fisikoki sasoiko egoteaz gain, esfortzu psikologiko handia ere eskatuko du lasterketak.
Liburuan agertzen den modura, eta sarri esan dudan modura, nire hankek gehiago ezin zuten momentua ailegatu zen, baina hankek ezin izan zutenean aurrera jarraitu, buruak egin behar izan zuen aringa-aringa.