Atzeratu egin dute greba orokorraren harira Lekeition iragarrita zegoen kalejira feminista
Asanbladan batu, eta kalejira bihar [urtarrilak 19] egitea erabaki dute. 13:00etan hasiko da Eskolapetik mobilizazio koloretsu eta zaratatsua.
Euskal Herriko eskubide sozialen kartak deituta, gaur [urtarrilak 18] arratsaldean, urtarrilaren 30eko greba orokorra girotzen hasteko kalejira feminista zegoen iragarrita Lekeition. 18:00etan irten behar zuen kalejirak Eskolapetik, baina sekulako euri jasa ari zuenez, kalejira gaur-gaurkoz bertan behera uztea erabaki dute bertan batu direnek. Asanbladan batu, eta kalejira bihar [urtarrilak 19] egitea erabaki dute. 13:00etan ipini dute hitzordua. Leku beretik abiatuko da mobilizazio koloretsu eta zaratatsua.
Herriko emakume mugimenduetako kideek agertu dutenez, honakoa izango da biharko kalejiraren ibilbidea: Eskolapea, Tala, Udaletxe aurrea, Eskolapea, Isidro Salinas plaza, Konpainiako eliza parea eta Eskolapean amaitu. “Ekarri zapi morea soinean”.
Deialdira herriko hainbat emakume mugimendutako kideak batu direla aprobetxatuta, greba orokorrean zer egin zehazten jarraitzea erabaki dute kultur etxean. Besteak beste, ikuspuntu feministatik greba orokorrean ze gai bistaratu eta azaleratu nahi duten zehazten hasi dira, leloak landu, eta baita ere zer aldarrikapen zabaldu nahi dituzten eztabaidatu dute. Azpimarratu dutenez, mugimendu feministaren aldarria presente egon beharko da egun guztian egingo diren ekimenetan.
Proposamenak eta ideiak asko izan dira, eta horiek jaso ahala, ideiak amankomunean jartzen joan dira. Ardurak ere banatzen ibili dira. Argi utzi dutenez, greba orokorrean parte hartu ezin duten emakumeek ere euren lekua izango dute; horiek denak irudikatzen saiatuko dira modu batera edo bestera.